Euste horma indartzeko etengo dituzte Errezabal egoitzako lanak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 25a

Hiru hilabetez etengo dituzte Errezabal egoitza eraikitzeko lanak, eraikina eta Urazandiko mendi magala banatuko dituen euste horma sendoago bat eraikitzeko.

Hasierako proiektuan aurreikusitakoa baino euste horma sendoagoa eraikitzea erabaki dute obrako arduradunek, segurtasuna indartzeko.

2025eko uztailean hasi zituzten eraikuntza lanak, eta handik gutxira arrakalak agertu ziren Errezabal egoitza eraikitzeko obren gaineko errepide zatian, bai eta etxebizitzetan ere. Horien berri emateko auzotarrekin bilera ere egin zuten udaleko eta obrako arduradunek, urtarrilaren bukaeran. Atzemandako arrakalak kontrolatzeko monitorizazio sistema bat ere ipini zuten, baina ez dutela mugimendurik erregistratu adierazi du Maialen Gurrutxagak.

Euste horma sendoagoa

Arrakalak gehiagora joan ez daitezen hartuko dituzten neurrien ondorioz, aldaketak egin beharko dituzte hasierako proiektuan. Zehazki, mikropilotez osatutako euste horma bat eraiki beharrean, kontrahormez osatutako bat eraikiko dute, sendoagoa dela-eta. Orubearen eskuinaldean egingo dituzte lanok, Urazandiko etxebizitzetatik hurbilen dagoen eremuan. Euste horma sendoago hori eraikitzeko hiru hilabete eta erdi beharko dituztela aurreikusten dute. 

Euste horma eraikitzen duten bitartean eten egingo dituzte Errezabal egoitzako eraikuntza lanak, eta administratiboki ere edukiko du eragina. Oinarrizko proiektuan jasotako planoak egokitu beharko dituzte, eta proiektuari lotutako gizarte-ekipamenduaren eta aparkalekuen etorkizuneko garapena eraikuntza-elementu berri horretara egokitu beharko dute, nahiz eta, printzipioz, ez duten aurreikusten "eragin handiegirik" edukiko duenik. Hasierako proiektuarekin alderatuta, aldaketak oso txikiak izango direla adierazi du Hirigintza arduradun Ion Zubiaurrek. Eragina, baina, epeetan eta kostuan izango du, luzatu eta handitu egingo baitira. 

Eraikuntza lanen enpresa esleipendunak obrak bertan behera lagatzeko eskaera egin zuen, eta onartu egin zuten atzo egin zuten Udalbatzarraren osoko bilkuran. Hala, jarduketa-eremua egonkortzen ari diren bitartean proiektua gauzatzeko epe-mugak ere etena izango du, eta ez dute kontuan hartuko epea gainditzeagatik jaso ditzaketen isunetan.