EH Bildu kezkatuta, Errezabal egoitzaren obrak eteteko eskaeraren aurrean

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 14a

Errezabal obra aldi baterako etetea erabaki zenetik emandako urratsek euren kezka areagotu dutela adierazi du Elgoibarko EH Bilduk. 

Errezabal egoitzaren obrak pitzadurak eragin zituen Urazandiko eraikin batzuetan eta errepidean, baina hala ere, obrek aurrera jarraitu zuten. Kontrol neurri berriak eta pitzadurak egiaztatzeko beste azterketa bat egingo zutela adierazi zuten enpresak eta Udalak, baina orain gutxi enpresak lanen aldi baterako etenaldia eskatu du, Bilduk esandakoaren arabera, "hasieran egin zituen azterketa geoteknikoak egokiak ez, eta berriak egin behar dituelako".  

EH Bilduk obra hori bertan behera uztearen alde bozkatu zuen martxoko osoko bilkuran, auzotarren eta auzoko lur eta eraikinen segurtasuna bermatzeko, eta eskatu zuen enpresa eraikitzaileak eta Udalak sinatutako etete aktan honako puntu hauek jasotzeko, EAJ-PSEren proposamenean aipatzen baziren ere, lanen etete aktan ez zirelako zehazten: batetik, proiektu berriak eta obraren gelditzeak eragindako kostuak enpresari dagozkiola bermatzea eta ez Udalari; etete horrek enpresa esleipendunaren aldeko inolako kalte-ordainik ekarriko ez duela bermatzea, izan ere, EH Bilduk uste baitu obraren akatsak, kalteak eta atzerapena enpresak gaizki egindako proiektuaren ondorio direla; eta azkenik, auzoan sortu diren pitzaduren kontrolen aldaketei buruzko hileroko txostenaz gain, enpresak proiektu berriaren garapenari eta jarraipenari buruzko informazioa bizilagunei aldiro ematea,kalteei nola egingo dieten aurre azalduz. 

EH Bilduk dio obra etetea erabaki zenetik eman diren pausoek euren kezkak areagotu egin dituzte Udal Gobernuak ez duelako argi adierazi eten horrek eragingo dituen gainkostuak nork hartuko dituen bere gain. EH Bilduk salatu du udal gobernuak ez zituela gonbidatu herriko gizarte eragile batzuekin egin zuten bilerara, baina hala ere bertaratu egin zirela eta, hain zuzen ere, bilera hartan laga zuela Udal Gobernuak airean obraren gainkostuen erantzukizuna. 

Pitzadurak obraren gainaldean dagoen Urazandiko errepidean.