Euskal Kopa irabazi du Alcortak, eta Federazio Trofeoa Cimdek

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 14a

Sanlo Eskubaloi Taldeak bi titulu eskuratu zituen asteburuan: Alcortak, Euskal Kopa; eta Cimdek, Federazio Trofeoa. 

Alcorta Forging Group gizonezkoen senior taldea Euskal Ligan lehiatzen ari da aurten, eta joan den asteburuan Euskadiko Kopako finala jokatu zuen Barakaldoko Lasesarre kiroldegian. Indupime Basauri taldea izan zuen aurkari, eta elgoibartarrek 29-35 irabazi zuten norgehiagoka. Zigor Esnaolak entrenatzen duen taldeak hiru aste barru hasiko den Nazional Mailara igotzeko kanporaketa izango du helburu hemendik aurrera. 

Federazio Trofeoan Cimde nagusi

Ez da, baina, hori izan Sanlok asteburuan lortu duen sari bakarra. Alcortak etxeratutako koparekin batera, Sanloko gazte mailako emakumezkoen Cimde taldeak Federazio Trofeoa irabazi zuen, Errenteriako Ereintza taldeari 44-23 irabazita. Olaizaga kiroldegian jokatu zuten partida, eta zaleen babesari eta berotasunari probetxua ateratzen jakin zuen Sanloko gazteen emakumezkoen taldeak. 

Cimde taldekoak Federazio trofeoarekin Olaizagako kantxa erdian. Arg: Sanlo EKT

Deca txapeldunorde

Ez zuen, baina, suerte bera izan gizonezkoen taldeak, eta gazte mailako Deca gizonezkoen taldeak galdu egin zuen Federazio Trofeoko finala. Etxean jokatu arren, Ordiziako taldea nagusitu zen, eta, 28-31ko emaitzarekin partida irabazita, Goierri aldera joan zen trofeoa. 

Decak eta Ordiziak Olaizagan jokatu zuten Federazio Trofeoko finala. Arg: Sanlo EKT

Salento, igoeratik kanpo 

Senior mailako Salento gizonezkoen taldea, berriz, Lurraldeko Bigarren Mailan jokatzen ari da aurten, eta, denboraldian zehar eskuratutako emaitzei esker, joan den asteburuan Lehenengo Mailara igotzeko kanporaketa jokatu zuen, Hernanin. Zapatuan Bera Bera taldearen kontra jokatu zuten elgoibartarrek, eta 32-26 izan zen azken emaitza, Salentoko taldearen alde. Domekako finala etxeko taldearen kontra jokatu zuen Sanloko taldeak, eta Hernaniko taldeak ez zion erraztasunik eman Elgoibarko taldeari. Final borrokatua izan zen, baina, gutxigatik izan bazen ere, etxekoak nagusitu ziren: 29-27. Garaipen horri esker, Hernaniko taldeak jokatuko du datorren denboraldian Lurraldeko Lehenengo Mailan. 

Salento taldeak bigarren urtez jokatu du mailaz igotzeko kanporaketa, eta bigarren aldiz gelditu da igoeraren atarian. Hala ere, taldeak egindako denboraldia eta lortutako emaitzak nabarmendu ditu klubak, eta eskerrak eman dizkie taldeari babesa ematera Elgoibartik Hernanira joan ziren zaleei. 

Pizzeria Salento taldekoak pozik mailaz igotzerrik lortu ez arren. Arg: Sanlo EKT