Otsailean hasi zituzten San Bartolome jaietako egitaraua prestatzeko bilerak, eta aste honetan egin dute hirugarrena. Pausoz pauso joan dira egitaraua osatzen, eta dagoeneko eman dituzte musika eskaintzari dagozkion lehenengo berriak. Hiru musika talde konfirmatu dituzte: Sune, Kaparrak eta Puro Relajo. Ez dute datei buruzko xehetasunik eman, baina hiru horiek aurtengo jaietan Elgoibarren egongo direla baieztatu du Udalak.
- Puro Relajo mariatxi taldeak Elgoibarko eszenatoki ia denak probatu ditu azken urteetan. 2021ean Elgoibarko Herriko Antzokian eman zuten kontzertua eta hurrengo urtean Kalegoen plaza jendez gainezka zela eman zuten zuzenekoa, 2022ko sanbartolomeetan. 2023an, berriz, Maalako parkean aritu ziren, Kintoen Eguna musikaz girotuz. 2024. urteko San Bartolome jaietan ere eman behar zuten kontzertua Kalegoen plazan, baina bertan behera geratu zen eguraldiagatik. Kontzertu hura urte hartako urrian eman zuten gero.
- Süne, berriz, Josune Arakistain abeslari eta trikitilari lasturtarraren bakarkako proiektua da, Huntza musika taldea desegin ostean sortua. 2024an kaleratu zuen Sünek bere lehen diskoa, Amaineman izenarekin. Bi urte eta erdiko lanaren emaitza izan zen 11 abestiz osatutako diskoa. Musikari lasturtarrak naturaltzat jotzen dituen bi mundu —elektronika eta trikitixa— uztartu zituen lan horretan.
- Kaparrak taldea azken aldian Euskak Herriko agertokiak aztoratu dituen Aretxabaletako rumba banda bat da. Los Delinqüentes taldearen bertsioak egiten hasi ziren, hura baita taldea osatzen duten hamaika lagunak elkartuarazi dituen erreferentziazko taldea. Izenak berak ere Delinqüentesen "Garrapatero" hitzari egiten dio erreferentzia Aretxabaletan akainari "kaparra" esaten zaio. Estraineko kontzertua 2023ko San Migel jaietan eman zuten Aretxabaletan.
Azken bilera, maiatzean
Maiatzean egingo dute sanbartolomeak antolatzeko laugarren bilera behin betiko egitaraua ixteko, eta haren ostean zehaztuko dituzte gainerakoak. Udaletik herritarrei dei egin diete bilera horietan parte hartzeko, "San Bartolome jaiak guztionak direlako, eta guztion artean antolatzea delako helburua". Egitarauari buruzko iradokizunak edo ideiak kultura@elgoibar.eus helbidera bidal daiteke edo 943 74 21 58 telefonora deituta ere eman daitezke.

