Orduan ere, Athleticen kontra irabazita sailkatu zen finalerako, eta, hain justu, Atletico Madril izan zuen aurrez aurre txapelketako azken partidan. Realak irabazi zuen, eta orduko bizipenak errepikatu nahi dituzte. 39 urte pasatu dira ordutik, eta atzo izan balitz bezala gogoratzen dute nola antolatu zuten Zaragozarako bidaia. Aitor eta Jon BBBko (BUP) hirugarren maila egiten ari ziren institutuan, eta Aitorren anaia Jon, urtebete zaharragoa, UBI (COU): "Ostegun goiza zen, eta bezperan lortu zuen Realak finalerako sailkatzea, San Mamesen Athletici irabazita. Euskarako eskolan geunden, Andres Alberdirekin, eta atea jo zuten. Ireki zuen atea irakasleak, eta nire anaia zen, nitaz galdezka. Urduri jarri nintzen, etxean zerbait gertatu zela pentsatu nuen. Kanpora irten eta esan zidan jolas-orduan zerrenda bat egin behar nuela nire kurtsoan Realaren finalera joateko interesa zutenekin. Hura arduratuko zela beraren mailakoekin, eta autobusa antolatuko genuela Zaragozara joateko". Lasaitu ederra hartu zuen etxean ezer txarrik ez zela gertatu jakin zuenean, eta ilusioz ekin zion anaiak emandako lanari.
Beste garai batzuk ziren: 1987a zen; ez zegoen Internetik, ez sakelako telefonorik ere. Beraz, zerrenda koaderno batean egin zuen, izen-abizenak eta bakoitzaren etxeko telefonoa jasota. Zabalkundea ahoz aho egin zuten, eta uste du jarri zutela oharren bat El Diario Vasco-n, haren etxeko telefonozenbakia jarrita, baina ez dago seguru: "Kalean ere geratzen ninduen jendeak izena emateko; gaur egun, horrelakorik ezingo genuke imajinatu ere egin". Galarragak gogoratu du bere anaia izan zela hura guztia antolatzearen arduradun nagusia, eta hari esker dena ondo baino hobeto irten zela.
Autobusa osatzeko jendea uste baino errazago batu zitzaien, eta ondorengo pausoa partidarako sarrerak eskuratzea zen. Gaur egun, dena online egiten da, eta oso antolatuta dago guztia, baina 1987an horrelako kontuak egitea ez zen erraza. Hala ere, ondo baino hobeto moldatu ziren 16 urteko gazte haiek. Aitorren aita garraiolaria zen, eta ama errekadista lanetan ibiltzen zen. Garai hartan, jendea ez zen gaur beste mugitzen, besteak beste, garraio publikoaren zerbitzua urria zelako, baina burokrazia kontuak Donostian egiten ziren gehienak: Trafikoko kontuak, Gizarte Segurantzakoak eta baita arropa konponketa asko ere, eta mandatu haiek guztiak hartzeaz arduratzen zen Aitorren ama: "Gorostiza dendan zeukan txoko bat gure amak, eta han jasotzen zituen herritarren enkarguak. Gero, Donostiara bidaltzen zuen, autobusez, eta han jasotzen zuen maleta beste errekadista batek, Elgoibarko egitekoekin".
Egiteko berezia jaso zuen egun batean Donostiako errekadistak. Diru mordoxka bat bidali zuten Elgoibartik maletan, Realaren Kopako Finalerako sarrerak erosteko, eta egindakoa bete zuen emakume hark: "Paseo Arbol de Gernika kalean zegoen orduan Realaren bulegoa, eta hara bidali genuen errekadista, autobuserako izena eman genuen guztiontzako sarrerak erostera. Ez omen zegoen jende askorik ilaran, eta ordu erdi-edo egon omen zen zain. Sarrera guztiak erosi eta berriz maletan sartuta bidali zizkigun Elgoibarrera. Uste dut entrega nire aitaren bitartez egin zuela, kamioian".
Iritsi zen finaleko eguna: ekaina zen, amaiera aldera, eta partida nahiko berandu izan zela gogoratzen du Aitorrek. Egun-pasa joan ziren Zaragozara; goizean irten ziren Elgoibartik eta eguerdi alderako iritsi ziren. Giro ezin hobean pasatu zuten eguna, eta futbol-zelaira joan ziren. Bi pankarta prestatu zituzten: batean Elgoibar jartzen zuen eta bestea Jugoslaviako bandera bat zen. Finalaren aurretik Espainiako eta Jugoslaviako selekzio gazteen arteko partida zegoen: "Jokalariak ere harrituta zeuden nola animatzen genituen ikusita! Gola sartu zutenean, gu geunden ingurura etorri ziren ospatzera!".
Finala bizi-bizia izan zen, eta Realak irabazi zuen: "Txiki Begiristainek gola sartzen dueneko irudietan oso argi ikusten da Elgoibar kartela". Pozaren pozez itzuli ziren autobusera, eta irri eta kantu artean hartu zuten etxerako buelta. Halako batean, baina, konturatu ziren bat falta zela autobusean: Manolo. "Ez pentsa kezkatu ginenik. Han hasi ginen denok kantuan, ez gaude denok, Manolo falta da!". Umorez gogoratu du anekdota: "Gure txoferra nahastu egin zen bidean, eta tunel batean geratu ginen kateatuta, pasa ezinik. Azkenean, Manolo gu baino lehen iritsi zen Elgoibarrera, Azkoi