Guazen Reala!

Egoitz Gurrutxaga (Elgoibar): "Aitarekin eta seme-alabekin joateak ilusio handia egiten dit; familian bizi dugu Reala"

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 17a

Egoitz Gurrutxaga eta Koldo Galdona, seme-alabekin, Realeko jantzita. E.G. .

Lara eta Danel seme-alabekin joango da Sevillara Egoitz Gurrutxaga, autoz. Aita Alacantetik joango da hegazkinez, eta han batuko dira. Horrez gain, Koldo Galdona koinatua Sabin eta Teo semeekin joango da, furgonetaz. Familian bizi dute Reala; JoTaSua peñako kideak dira, eta elkarrekin joaten dira partidetara.

"Nire seme-alabak eta ilobak jaio zirenetik dira Realeko bazkide! Nortasun agiria egin aurretik daukate Realeko bazkide-txartela", esan du Gurrutxagak. Ilusioz daude finalerako: "Sekula ez dugu final bat bizi izan, eta lehenengoa familian izatea pozgarria da". Finala noiz jokatuko zen jakin aurretik, lau asteburutarako erreserbatu zituen apartamentuak peñako lagun batek, eta hari esker daukate orain ostatua Sevillan. Sarrerak ere lortu dituzte, eta JoTaSuako 48 zale elkarrekin egongo dira. Hiru belaunaldi elkartuko dira finalean, eta horrek poz handia ematen dio. Atletico Madrilgo ultrekin apur bat kezkatuta dago, baina espero du gatazkarik ez egotea eta dena ondo irtetea. Emaitza bat ematera ere ausartu da: "1-2 irabaziko du Realak".