Haundik 3-0 irabazi zion Hernaniri Mintxetan jokatutako neurketan. Zuri-gorriek sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen dute, orain 55 punturekin. Garaipen batera dute bigarren sailkatuta dagoen Intxaurdi taldea (58 puntu) eta sei puntu gehiago ditu lidertzan sendo jarraitzen duen Bergara taldeak. Bergararrek 0-1 irabazi zioten azken jardunaldian Landetxa taldeari eta Intxaurdik 4-0 hartu zuen mendean Touring.
Lau jardunaldi bakarrik falta dira Ohorezko Erregional Mailako liga txapelketa amaitzeko. Lehenengo sailkatua zuzenean igoko da Euskal Ligara, eta bigarrenak Bizkaiko eta Arabako bigarrenen aurka jokatuko du, igoera eskuratzeko jokoan izango den beste txartelaren bila.
Hurrengo jardunaldian Azkoitian jokatuko du Haundik, Lagun Onak taldearen aurka, Garmendipen.
Haundik Urkiren aurkako derbia
Gizonezkoen Haundi taldeak, berriz, galdu egin zuen joan den asteburuan Mintxetan jokatu zuten neurketa, 0-1eko emaitzarekin Oiartzunen aurka. Elgoibartarrek zortzigarren postura arte egin dute behera sailkapenean. Lau partida geratzen zaizkie liga bukatzeko, eta hurrengo jardunaldian eibartarren aurkako derbia jokatuko dute Urkiren zelaian, hain zuzen ere. Maiatzaren 1ean, barikua, jokatuko dute partida hori, Unben, 11:00etan. Lehen itzuliko partidan 2-0 gailendu ziren elgoibartarrak Mintxetan jokatutako partidan. Berezitasun bat eduki zuen partida hark, Jesus Altzaga aita-semeak baitira bi taldeetako presidenteak eta estreinakoz aritu ziren elkarren aurka.
