Igoerarik gabe geratu dira Malape eta Alcorta, Lauko Finaletan lehiatu eta gero

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 4a

Malape taldea Elgoibartik Lauko Finalera joandako zaleekin Berangon.

Euskadiko Txapelketan lehiatu diren Sanloko taldeek burua ondo goian dutela esan diote agur denboraldiari.

Alcorta eta Malape eskubaloi taldeek mailaz igotzeko kanporaketak jokatu dituzte asteburuan. Batetik, gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak Lehen Nazional Mailara igotzeko Lauko Finala jokatu zuen Legazpian; eta, bestetik, emakumezkoen Malape Taberna taldeak Ohorezko Zilarrezko Mailara igotzeko Lauko Finala jokatu zuen Berangon.

Alcortak izan du gertuen Calellan (Herrialde Katalanak) jokatuko duten igoera fasera sailkatzeko aukera. Elgoibartarrek Muskizen aurka jokatu zuten, zapatuan, Lauko Finaleko finalerdia eta 21-18 irabazita sailkatu ziren finalerako. Loiuko Urdaneta taldeak etxean jokatzen zuen Legazpiren aurkako finalerdia irabazita lortu zuen finalerako txartela. Bizkaitarrak 24-25 gailendu ziren. Hortaz, Alcortak eta Urdanetak jokatu zuten finala, domeka eguerdian, Elgoibartik joandako hainbat zale harmailetan zirela. Liga erregularrean Alcortak irabazi zituen Urdanetaren aurka jokatutako bi partidak, baina finalean Loiuko taldeak lortu zuen garaipena, eta honenbestez, igoera kanporaketa jokatzeko txartela. Alcorta iaz ere ailegatu zen Lauko Finalerko azken partidara, eta zarauztarren aurka galdu zuten. Ekinaren ekinaz saiatzen jarraitzea dagokie. 

Etxeko taldea nagusi Berangoko Lauko Finalean

Malape taldeak, berriz, ezin izan zuen finalerdietako kanporaketa gainditu, Lorea Gabilondok entrenatutako taldeak 35-26 galdu baitzuen Berango Urduliz taldearen aurka. Zaleen aurrean jokatzeari etekina atera dio Berangok eta nagusitasunez gailendu dira Lauko Finalean, domekan jokatutako finala ere nagusitasunez irabazi baitzuten: 25-18 Construcciones Ugarte taldearen aurka. Hortaz, Uribe Kostan erreferentziazko eskubaloi taldea den Urduliz taldeak jokatuko du Ohorezko Zilarrezko Mailara igotzeko azken kanporaketa.

Berangon eta Legazpian jokatutako Lauko Finaletako irudiak (Arg: Sanlo EKT)