Ekainean hasiko dituzte Mintxetako gimnasioa berritzeko obrak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko maiatzaren 5a

Epe guztiak betetzen badira, ekainean hasiko dituzte gimnasioa berritzeko lanak eta irailerako prest egotea aurreikusten dute arduradunek. 

Elgoibarko Udalak Mintxetako gimnasioko hobekuntza-lanen obra lizitaziora atera zuen 206.760,90 euroan (BEZ  gabe), Elecnor enpresa izan da aukeratua 186.073,41 euroko proiektuarekin (BEZ gabe). Obra honen aurrekontua finantzatzeko 125.000 euro jarri ditu Danobatgroup taldeak, eta Udaleko arduradunek eskerrak eman dizkiote,  udalerriaren garapenarekiko inplikazioaren alde erakutsi duen jarreragatik. 

Obraren exekuzio-epea bi hilabetekoa da, eta, ondo bidean, ekainaren 22an hasiko dituzte lanak. Epeak betetzen badira, irailerako bukatuko dute obra, eta  ikasturte berrirako prest egongo da gimnasio berria.  

Gimnasioa handitzeko proiektuak egungo gimnasioa birgaitzea eta handitzea planteatzen du. Gimnasioak 268 metro koadroko azalera du guztira, harmailen azpian eraikitako espazioak dituen hamasei horma-arteetatik sei hartzen ditu eta bi eremutan banatuta dago: makinentzako gunea (174 m2) eta kardio gunea (94 m2). Eraiki asmo dituzten espazio berriak sarreratik ezkerrera dauden guneetatik irabaziko dituzte, egun aerobic-gela dagoen gela (106m2) eta beste hiru espazio txiki -biltegirako eta mantentze-tailerrerako- birgaituta. Guztira, zabaltze-eremuak 166 metro koadriko azalera du (trenkada barne). Proiektuan jasota dagoenez, esku-hartzearen oinarria da ahal den neurrian egungo gimnasioari dagokion eremuko instalazioak mantentzea eta gehitutako azalera handitzea, akaberak modernizatzeko zein berritzeko aprobetxatuz. Horretarako, trenkada eta sabai aizunak eraisteko lan txikiak proiektatu dituzte, proiektatutako zabalkunderako eta espazioak integratzeko beharrezkoak direnak.