Elgoibarko Udal Gaztelekuak prest dauka udaldirako egitasmoa, eta dagoeneko zabaldu du ekintzetan izena emateko epea. Interesatuek, maiatzaren 17ra arteko epea dute izena emateko. Gaztelekuan bertan eman beharko da izena, eta ordainketa ere momentuan egin beharko da, esku-dirutan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, ekintza bakoitzak plaza mugatuak ditu, eta Elgoibarren erroldatutako nerabeek izango dute lehentasuna.
Aurtengo proposamenak aukera ugari eskaintzen ditu: surf ikastaroa, udaleku ibiltariak, bost plan ezberdineko udaleku irekia, Gaztefutbol txapelketa eta salting eta paddle surf bezalako irteerak, besteak beste. Horrela, gustuko eta interes ezberdineko gazteek beren udarako plan egokia aurkitzeko aukera izango dute.
Informazio gehiagorako: 943 74 32 28 / 628 17 03 30