Jakin-mina piztu du Altzola auzoaren iragana ezagutzeko bisita gidatuak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 11

Altzolako zubitik hasi zuten historialariek gidatutako bisita gidatua. Arg: Altzola Auzo Elkartea.

Altzola auzoaren bilakaera historikoa ezagutzera emateko bisita gidatua egin zuten atzo, Altzolako Auzo Elkarteak eta Altzolan Tren Geltokia Bai plataformak antolatuta, eta herritarren interesa piztu zuen.

Javier Elorza eta Pello Arrieta historialariek eman zituzten Altzola auzoaren bilakaera historikoaren inguruko azalpenak, zehazki XIV. eta XIX. mendeen arteko Altzola nolakoa zen azaldu zuten. Hizpide izan zituzten bost mendetan zehar auzoko ondarearen, arkitekturaren eta eguneroko bizitzaren funtsezko alderdiak izan zirenak.

Bisita gidatuko antolatzaileek  pozik agertu dira, izan ere, uste zutena baino handiagoa izan baitzen partehartzea. Eskerrak eman dizkiete historialariei, eta adierazi dute luxu bat izan zela haien azalpenak entzutea, Arrietaren zein Elorzaren azalpenen zorroztasuna eta gertutasuna azpimarratuz. "Eskerrik asko zuen eskuzabaltasunagatik, eta gure auzoaren historiarekiko pasioa kutsatzeagatik. Eskerrik asko Altzola beste begi batzuekin begiratzen erakustearren, eta auzoko zubiaren edo harrien atzean dagoen historia ezagutzera ematearren, bost mendetako bizimodua eta ondarea, erraz esaten da". 

Etorkizunean antzeko ekimenak errepikatzeko aukera aurreratu zuten historialariek, Altzolako ondare historikoari balioa ematen jarraitzeko. 

Altzola auzoaren iragana ezagutzeko bisita gidatua. Arg: Altzola Auzo Elkartea.