Bi distantziatan jokatzen dute proba: 65 kilometroko proba nagusia -Domusa Teknik 40 MLK-, eta 15 MLK izenekoa, 26 kilometrokoa.
Proba nagusian 580 saltakari lehiatu ziren; 60 emakumeak, eta horietan Mayi Mujika elgoibartarra izan zen azkarrena, ibilbidea 07.25.24ko denboran eginda. Aurreko edizioetan bigarren (2024koan) eta laugarren postuak zituen eginak Mujikak, baina hau du aurreneko garaipena. Eta, erakustaldia emanez irabazi zuen, lehen postuan igaro baitzituen kontrol gune eta gailur guztiak. Kilometroak pasa ahala jarraitzaileekiko aldea handitu zuen Domusa Teknik Lana taldeko kideak, eta helmugan ia 15 minutuko aldea atera zion bigarren postua eskuratu zuen Ainara Arkarazo abadiñarrari (7.39.39). Arkarazoren herrikide Oihana Azkorbebeitia heldu zen helmugara hirugarren postuan (7.42.44).
Gizonezkoetan Borja Zubizarreta azkoitiarra gailendu zen (5.58.58), iazko irabazle Julen Calvo kataluniarraren aurretik (6.03.56). Pello Berrizbeitia eibartarra sailkatu zen hirugarren postuan (6.07.22).
Domusa Teknik 15 MLK proban, berriz, Aritz Egea urretxuarra (2.04.58) eta Onditz Iturbe (2:29.45) izan ziren azkarrenak.
Desiotako garaipena, baina espero gabekoa
Aurreko urteetan eginiko postuak hobetzeko gogoa bazuen ere, aurtengo ekitaldia irabazterik ez zuela espero adierazi zuen Mayi Mujikak proba amaitutakoan. "Etxeko lasterketatzat daukat, Domusa taldekoontzat halaxe baita, eta ibilbidea herriko mendietatik ere pasatzen denez, bidean aurpegi ezagunak ikusten dira. Horregatik, desio nuen proba irabaztea, boina irabazterik ez nuen espero, aurten behintzat". Lasterketa "gogor xamarra" izan zela azaldu zuen, eta erditik aurrera hortzak estutu beharra izan zuela lehen postuari helmugaraino eutsi ahal izateko; eta karranpek ere ez zuten geratu. (probaren laburpen-bideoa azpeitiaguka.eus webgunean)




