Pedro Muguruzako eskolak egon ziren eraikinean entseatzen duten herriko bost musika taldek joko dute aurtengo EME Egunean, eta egunari merezi duen amaiera emateko, nahasian arituko dira gero musikariak egunerako espresuki landutako abestiak joz, txandaka, Bertsio Festan.
EME Eguneko kontzertuen ordutegia:
Plaza Txikian
- 12:30 Gabi eta Alfon
- 13:15 Leftovers
Maalan
- 19:00 Xut
- 20:00 Brilet
- 21:00 Ellie Jensen
- 22:00 Bertsio Festa
Kezka eta erronka nagusi bat
Herriko zenbait musikarik 2018an sortu zuten EME Elgoibarko Musikarien Elkartea, eta 2022an antolatu zuten estreinakoz EME Eguna; elkartea bera eta musikarien proiektuak ezagutzera emateko. Gaur egun, hamasei bat proiektutako lagunak batzen dira Elgoibarko Udalak egokitutako lokaletan, beraz, herriko musikarien artean aliantzak eta sinergiak sortzeko espazio aproposa bihurtu da garai batean eskola zen eraikina. EMEk 79 bazkide ditu une honetan, elkartea sortu zutenean halako bi. Bazkide berriekin sendotu egin da elkartea, baina kezka-iturri eta aldi berean erronka bat den gai bat dute mahai gainean. "Hasi ginenean baino bazkide gehiago izanda, indarrean garela esan beharko genukeen arren, ezin dugu ezkutatu kezka handia daukagula. Izan ere, ez dakigu ze ondorio izango dituen Muguruzako eskola zaharren eraisteak guretzako", adierazi dute. Erronkarik handiena eraistearen ondorioei alternatiba egokia bilatzea dela diote, eta asmo horretan badituzte Udalarekin landu nahi lituzketen ideia batzuek ere, eta baikor daude. "Espero dugu, azken urteetan izan den kolaborazioak bere fruituak emango dituela".
