Kolore guztietako dominak irabazi dituzte Zartako arkulariek Euskadiko 3D Arku Tiro Txapelketan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 13a

Euskadiko 3D Arku Tiro Txapelketan lehiatu ziren Zartako arkulariak. Zarta.

Euskadiko Basoko 3D Arku Tiraketa Txapelketa jokatu zuten, maiatzaren 9an, Arabako Legutio herrian, eta emaitza apartak eskuratu zituzten Zarta arkulari taldeko kideek.

Emaitza onak eskuratzeaz gainera, Zartako arkulariak liluratuta itzuli dira txapelketatik, antolatzaileek lehiarako prestatu zieten ibilbideak aho zabalik laga baititu, eta gozatu egin zutela diote. "Basoa gustuko dugu, baina horrelako ibilbideek aho zabalik uzten gaituzte. Horregatik, aitortza merezi du Arco Caza Arabak Euskadiko Federazioarekin batera proba antolatzeko eginiko lanak. Gozatzeko pentsatutako ibilbidea oparitu ziguten, eta lokatz dezente egonagatik, arazorik gabe ibil zitekeen batetik bestera. Eta, azpimarragarriena, arkularion arteko giro ona izan zen; kirol honek daukan gauzarik handiena, zalantzarik gabe", adierazi dute Zartakoek. 

Legutioko Larrabea parkean lehiatu ziren arkulariak, 24 dianez osatutako zirkuituan. Dianek animalien formak izan ohi dituzte basoko 3d txapelketetan; untxi edo hegazti txikietatik hasi eta lehoi, kokodrilo edo hartzetaraino izan daitezke animalien hiru dimentsiotako irudiak. Irudi bakoitzari bi gezi bota behar dizkiote partaideek. 3Dko animalia horiek bi zirkulu edukitzen dituzte marraztuta; bat handia eta bestea txikia. Txikiari emanez gero, animalia hil dela esan nahi du eta 10 puntu lortzen dituzte. Zirkulu handiari emanez gero, 8 puntu eskuratzen dira. Zirkuluetatik kanpo, baina animaliari emanez gero, 5 puntu eta kale eginez gero, 0 puntu.

Hugo Sierra Euskadiko eta Euskal Ligako txapeldun

Zartakoek lortutako emaitzei dagokionez, Hugo Sierrak arku tradizionalen kategorian lortu zuen urrezko domina azpimarratu behar da. Euskadiko txapelketa irabazteaz gainera, lehen postua eskuratu du Euskal Ligan. Eta, Javier Varona taldekidea izan zen txapeldunorde, bai Euskadiko Txapelketan eta baita Euskal Ligan ere.
Eneko Altuna arku konposatuen modalitatean lehiatu zen eta brontzezko domina eskuratu zuen txapelketan zein ligan.

Sierra, Varona eta Altunaz gainera, Mikel Garbisu eta Iosu Arrillaga ere lehiatu ziren Euskadiko txapelketan.