Elgoibarko Udalaren Berdintasun Sailak antolatu du erakusketa, LGTBI+ errealitateari ikusgarritasuna emateko eta aniztasunarekiko errespetua sustatzeko helburuarekin, "artea eta memoria historikoa uztartuz".
Erakusketak artearen historiaren zeharreko ibilbide bat proposatzen du, sexualitatea eta identitate anitzak erdigunean jarriz. Horren bidez, bisitariek iraganetik gaur egunera arteko begirada bat jaso ahal izango dute, aniztasunaren aldeko ikuspegitik.
Izan ere, erakusketak sexu- eta genero-aniztasunaren eskubideen eta ikusgarritasunaren aldeko borrokan funtsezkoak diren uneak dokumentatzen ditu irudien eta testuen bidez. Aspaldiko erreferentzia historikoetatik hasi eta Stonewalleko istiluak, trans mugimenduaren gorakada, maitasunaren ikusgarritasuna espazio publikoan edo harrotasunaren adierazpenak bezalako mugarrietaraino, argazki bakoitzak kolektiboaren bizipenen begirada "zuzena eta hurbila" eskaintzen du.
Hainbat artisten lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste, Teresa Castro, Ruben B. Caballero eta Xanti Garciarenak.
Bisita gidatua, domekan
Erakusketa maiatzaren 13tik 28ra bitartean egongo da ikusgai Aita Agirre Kulturguneko Kultur Kafean, eta bertan ikus daitezkeen lanak testuinguruan jarri eta sakonago ulertzeko bisita gidatua ere antolatu dute maiatzaren 17rako, igandea. 12:00etan izango da, eta interesa dutenek aldez aurretik izena eman behar dute ondorengo estekan: labur.eus/kuirelgoibar
