Saskibaloian jokatzeko jendea behar du Elgoibarko Saskibaloi Taldeak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko maiatzaren 14a

Elgoibarko saskibaloi taldea jende bila dabil, datorren denboraldirako taldeak osatu ahal izateko, bereziki, infantil kategoriarako. 

 Aurtengo denboraldian hiru talde izan ditu klubak: infantilak, juniorrak eta seniorrak. Datorren urtera begira, baina, taldeak osatzeko zailtasunak izango dituztela aurreikusi dute; bereziki, infantiletan. Hori dela eta, 2013an eta 2014an jaiotakoei dei egin nahi diete, bereziki, baina kategoria guztietan behar dute jendea; beraz, interesa duen orok saskibaloia probatzeko ateak zabalik dituela adierazi dute arduradunek. Interesatuek telefono honetara deitu dezakete: 618 25 93 39 (Carlos); edo mezu bat idatzi daiteke elgoibarsb@gmail.com helbidera. 

Jokatzeko jendeaz gain, boluntarioak ere behar dituzte, klubean laguntzeko prest daudenak. Azken urteetan kluba hazi egin da, eta zailtasunak dituzte dena antolatzeko. Entrenatzaile aldetik ere urri dabiltza, eta umeak entrenatzeko prest dagoen jendea ere behar dute. Uste dute umeak gehitu ahala gurasoak ere gehiago inplikatuko direla. Manex Bereziartua da infantil-kadeteen entrenatzailea, eta, aldi berean, seniorren taldeko jokalaria ere bada. Gustura dihardu bi zereginetan, baina "kluba sendotzeko beharra" dagoela dio, alderdi askotan. Carlos Lahoz ere beteranoa da saskibaloian, eta, jende falta ez ezik, azpiegitura aldetik ere Elgoibar "motz" geratu dela gaineratu du. Kiroldegiko kantxan entrenatzen dira, eta ordutegiekin zailtasunak izaten dituzte. Askotan, bi talde entrenatzen dira batera, bakoitzak kantxa erdia erabilita. Dena dela, nahiago dute jendez gainezka ibili faltan baino: "Interesa dutenak etorri daitezela probatzera". 

Elgoibarko saskibaloi taldeak 30 bat urte ditu, baina, orain dela bospasei urtera arte, saskibaloian jokatzea gustuko zuen lagun-talde baten kontua zen saskibaloia. Carlos Lahozek esan duenez, senior talde bat sortu zuten, eta ez zuten klubaren harrobirik lantzen. Urteak pasa ahala, jokalari haien semeak hasi ziren saskibaloian, eta horrela ekin zioten harrobia lantzeari. Lauzpabost urtetan, talde bakarra izatetik lau talde izatera pasatu dira. Beraz, harrobia hasi da fruituak ematen, eta seguru daude denborarekin sendotu egingo dela taldea. 

Hala ere, uste dute Elgoibarren ez dagoela saskibaloirako joerarik, eta joera hori apurtu nahi dute. "Nire ustez, oso kirol polita da, eta, normalean, probatzen dutenei gustatu egiten zaie", esan du Lahozek. "Batzuk etortzen dira benetan gustatzen zaielako, eta, aldiz, beste batzuk sekula jokatu gabe etortzen dira. Baina, oro har, gehienak geratu egiten dira", gaineratu du. 

Hiruko txapelketa

Ekainaren 27an egingo dute aurten hiruko txapelketa, eta egun horretan kalera aterako dute saskibaloia; hain zuzen ere, Lekuederrera. Hiruko taldeetan jokatuko dituzte partidak, eta nahi duen herritar orok izango du egun horretan saskibaloia probatzeko aukera. Klubak Instagramen duen Elgoibarsb kontuaren bitartez eman behar da txapelketarako izena.