Herriko Antzokia txiki geratu zen musika eskolako ikasleen koro kontzerturako. 95 bat familia batu ziren antzokian, eta ehun bat lagun igo ziren oholtzara, kantari, dantzari eta musikarien artean. Koruko lehen eta bigarren mailetako ikasleek eta Korunahia zein Gaztenahia abesbatzek hartu zuten parte.
Aurtengo emanaldiaren lema "kantatzen duen herria, ez da inoiz hilko" izan zen, eta horren barruran, euskal giroko kanta ezagunak eskaini zituzten. Besteak beste, Itoitz taldearen Lau teilatu, Sorotan Beleren Arratsalde honetan, Mikel Laboaren Txoriak txori, edota Anne Lukin eta Gorka Urbizuren Lisboa abestu zituzten.
Sorpresak ere izan ziren emanaldian zehar, eta nabarmentzekoen artean Neomak taldeko Alaitz Eskuderoren bisita izan zen. Korunahia eta Gaztenahia abesbatzen Neomak taldearen Ilargi berriak kanta abestu zuten unean igo zen Eskudero oholtzara, eta guztiek batera kantatu zuten abestia.
Horrez gain, Barrian pasatu zuten asteburuko bideo laburpena ere jarri zuten, eta emanaldia amaitzeko denek batera kantatu zuten Huntza taldearen Buruz behera abestia.
Musika eskolako arduradunek eskerrak eman zizkieten atzoko emanaldian parte hartu zuten ikasle guztiei, eta baita musikari, zein dantzariei. Era berean, Silvia Hernandez koroko zuzendariari ere aitortu zioten urte osoan egindako lana.
Datorren urtean Kantuz sortu, kantuz bizi egitasmoak hamar urte beteko ditu, eta aurreratu zuten sorpresak izango direla datorren urteko jaialdiari begira.