'Nahi eta ezin' antzerkia taularatuko du Taupadak gaur, Herriko Antzokian

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko maiatzaren 15a

Elgoibarko Taupada antzerki taldeak urte osoan egindako lanaren emaitza erakutsiko du, Nahi eta ezin obrarekin.  20:30ean hasiko da. 

Elgoibarko Taupada Antzerki Taldea obra berri batekin igoko da gaur Herriko Antzokiko oholtzara: Nahi eta ezin. Edurne Lasak zuzendu du obra, eta Jose Mari Larrañagak egin ditu teknikari-lanak. Sinopsiak hauxe dio: Pello Lobetek papiroflexiaren artean trebeena izan nahi du, eta ezagun izatea du amets, baina, errealitatean, hori ez da hain erraza: haren asmo onak eta ahalegin handiak, behin eta berriz, ezustean zapuzten dira. Porrot txikien kate batek egoera barregarriagoetara eramango du. Ruben Markina mallabitarrak antzeztuko du Pello Lobeteren papera, eta inguruan izango ditu Taupadako beste zenbait aktore: Nerea Cuende, Gorane Ayesta, Eduardo Ayesta, Gorka Fernandez, Eire Markina, Rosa Mata, Ibai Leon, Maite Barandiaran eta Teresa Arakistain.

Sarrerak salgai daude

Emanaldia 20:30ean hasiko da. Sarrerak salgai daude dagoeneko, herrikoantzokia.eus webgunean, baina antzerkia hasi aurretik ere egongo da erosteko aukera, Herriko Antzokiko leihatilan. Sarrera arruntak 10 euro balio du; eta Gazte Txarteldunek eta jubilatuek 3 euro ordaindu beharko dituzte.