DanobatGroup txapeldunorde enpresen arteko lasterketan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 19a

Txapeldunorde izan zen DanobatGroupeko taldea sari banaketan. Arg: Antolatzaileak.

Donostiako kaleetan jokatu zuten domekan Enpresen Lasterketa, 8,5 kilometrokoko ibilbidean.

Inoiz baino partaidetza handiagoa eduki zuen lasterketaren 17. ekitaldiak: 4.340 korrikalari lehiatu ziren 1085 taldetan banatuta. Modalitate mistoak eduki zuen partaidetza ugariena, 630 talderekin. Gizonezkoenean 373 talde zeuden izena emanda eta 112 emakumezkoenean, estreinakoz 100 taldeen langa gaindituz. Izan ere, parte hartzaileen %35 emakumezkoak izan ziren.

Lehiari dagokionez, Smarktec enpresak aurkeztutako taldea izan zen azkarrena. Egoitza nagusia Irunen duen enpresako laukoteak 28 minutu eta 23 segundoan osatu zuen ibilbidea, erritmo apartean korrika eginez: batez beste, 3 minutu eta 20 segundo kilometroko. Enpresa handienek moduan, DanobatGroup kooperatibak hainbat talde aurkeztu zituen lehiara, eta horietako batek egin zuen bigarren denborarik onena: 29 minutu eta 34 segundo. Roberto Gonzalez elgoibartarra izan zen taldekideetako bat. Ulma enpresako taldea sailkatu zen hirugarren postuan (0:29:46).

Talde mistoen artean, Lizartzako Kimua enpresako taldea gailendu zen, 31:49ko denborarekin. BHL banaketa enpresako taldearentzat izan zen bigarren postua (0:32:49) eta Osakidetzako taldea sailkatu zen hirugarren postuan (33:19). Osakidetzak 200dik gora ordezkari izan zituen proban.

Emakumezkoetan, CAF enpresako laukotea izan zen azkarrena, 33 minutu eta 56 segundoko denborarekin. Asuncion Klinika izan zen txapeldunorde (0:36:21) eta Orona igo zen podiumeko hirugarren koskara (0:36:41).

  • Sailkapen guztiak hemen

Irabazleek 100 euroko bonua jaso zuten saritzat kide bakoitzarentzat, Decathlonea kirol materiala erosteko. Bigarren sailkatuek talde osoarentzat bazkari edo afari bat jaso zuten (Kukuarri jatetxean, NH Collection San Sebastián Aránzazu hotelean kokatua), eta hirugarren postua eskuratu zuten kideek La Perlako termetan eta spa zirkuituan sartzeko bonua jaso zuten opari.