Euskal Herriko V. Elektrotxaranga Lehiaketan parte hartuko du Patxangoik zapatuan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 20a

Patxangoi taldekoak iaz Azpeitian egin zuten saioan. Arg: Aitor Zabala.

Elgoibarko Patxangoi elektrotxarangak girotuko ditu zapatuan Azpeitiko kaleak, Euskal Herriko V. Elektrotxaranga Lehiaketaren baitan emango duten saioarekin. Egun berean Bergarako jaiak ere girotuko ditu Elgoibarko taldeak.

Zazpi taldek parte hartuko dute Azpeitiko Udalak eta AZTE Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak antolatutako lehiaketaren bosgarren ekitaldian, eta horietako biren txanda izango da zapatu honetan. Sakatu! eta Patxangoi elektrotxarangek girotuko dituzte Azpeitiko alde zaharreko kaleak, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Txapelketaren aurreko edizioetan ere parte hartu izan du Elgoibarko Patxangoi elektrotxarangak (ikus hemen iazkoa). Elgoibarko musika zale gazte talde batek sortu zuten Patxangoi taldea, 2023an. Gaizka Uranga taldekideak BARRENi emandako elkarrizketan azaldu zuen moduan.

Patxangoiko taldekideak errodajea eginda ailegatuko dira zapatuan Azpeitiara, goizaldean Bergarako Pentekoste jaietan ere saioa emango baitute, 07:00etan, Xaxau Konpartsak antolatutako egitarauaren barruan

Hiru sari Azpeitian

Maiatzaren 9an hasi zuten Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bosgarren edizioa, Iruñerriko 3indarrok elektrotxarangaren saioarekin, hain zuzen iazkoan txapelketa irabazi zuen taldea. 
Maiatzaren 16an bi taldek girotu zituzten Azpeitiko kaleak, Joseto ta Alayak eta Elektrotxufla elektrotxarangek. Asteburu honetako emanaldien ostean, OstiKda eta Skapaie taldeek itxiko dute lehiaketa, maiatzaren 30ean.
Lehiaketaren irabazleak 5.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro eta hirugarrenak 1.000 euro. Horrez gainera, elektrotxaranga irabazleak saninazioetan jotzeko aukera izango du. Epaimahaikideek hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan: musikaltasuna, sonoritatea, publikoarekiko interakzioa, errepertorioaren aniztasuna, euskararen erabilera eta parekidetasuna.

Patxangoi eta Elektrokela taldeko kideak elkarrekin 2024ko txapelketan. Arg: Patxangoi.