Ligako azken partidak zaleen aurrean jokatu zituzten asteburuan CD Elgoibarko Haundi taldeek, Mintxetan.
Hirugarren postua, baina saririk gabe
Emakumezkoen taldeak hirugarren postuari eutsi nahi zion azken sailkapenean, eta horretarako berdinketa edo garaipena behar zuten Goierri Gorri taldearen aurkako partidan, goierriarrek puntu bat gutxiago baitzuten sailkapenean. Zuri-gorriek garaipen argia eskuratu zuten, 4-1 irabazita. Manar Ahddaddouk (bi gol), Aroa Ramosek eta Marina Zubiaurrek egin zituzten etxeko taldearen golak, denboraldiko azkenak.
Denboraldi oso ona osatu dute elgoibartarrek; 19 partida irabazi, bi berdindu eta bederatzi galduta. 30 jardunaldietan 72 gol sartu dituzte eta 37 jaso; eta ligako bigarren goleatzaile onena izan da Aroa Cernada Lopez, 22 golekin. Elgoibartarrei, baina, pastelari ginda jartzea falta izan zaie denboraldia erabat borobiltzeko, igoera fasera sailkatzeko atarian geratu baitira, hirugarren postuan. Bigarren postuan bukatu duen Intxaurdi taldeak jokatuko ditu Euskal Ligara igotzeko kanporaketak. Ohorezko Erregional Mailako liga txapelketa irabazi duen Bergara taldea zuzenean igo da mailaz, eta Euskal Ligan arituko dira hurrengo denboraldian.
Zazpigarren postua Haundirentzat
Zapatuan Zumaiakoren aurka hutsean berdindu eta gero, Gizonezkoen Haundi taldeak 7. postuan amaitu du Ohorezko Erregional Mailako liga txapelketa. Elgoibartarrek hamalau partida irabazi, zortzi berdindu eta hamabi galdu dituzte. 53 gol egin dituzte eta 52 jaso.
Ligako azken partida beti izaten da berezia, are gehiago zaleen aurrean jokatuz gero, eta oraindik bereziagoa taldea lagako duten jokalarientzako. Horixe da Carlos Didier Mosqueraren (ikus elkarrizketa BARRENAn) eta Ibon Alonsoren kasua, amaitu baita CD Elgoibarren egin duten ibilbidea. Klubaren eta taldekideen aitortza jaso zuten biek.
Kopako finala jokatuko du erregionalak
Gipuzkoako Erregional Mailako Kopako finala jokatuko du CD Elgoibarko bigarren taldeak. Elgoibartarrek Lasarteko Ostadar taldearen aurka jokatu zuen finalerdia, partida bakarrera, Ostadarren etxean, eta garaipena eskuratu zuten. Gauzak oker hasi ziren bisitarientzat, 2 eta 0 aurreratu baitzen etxeko taldea lehen zatian. Bigarren zatian iritsi ziren zuri-gorrien golak, bigarrena arauzko denbora amaituta zegoenean. Hala, luzapenean erabaki zen kanporaketa, eta hor nagusi izan zen Elgoibar, Unax Olabek eta Faysal Afassik sartutako golei esker.
Kopako finalean Irungo San Marcial taldea izango dute aurkari elgoibartarrek. Zapatu honetan, hilak 30, jokatuko dute finala Orion, 17:00etatik aurrera.
Igoera fasera sailkatzerik lortu ez zuten 30 taldeek jokatu dute Kopa txapelketa, lau multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko lehen sailkatuek jokatu dituzte finalerdiak, eta Elgoibarko taldea izan da horietako bat, 4. multzoko onenak izan baitziren.


