San Pedro kalea Urruzunoko parkearekin lotu ahal izateko hitzarmena sinatu dute Udalak eta ETSk

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 28a

Trenbidea gainditzeko igogailu bat, eskailerak eta pasabide bat eraikiko dituzte San Pedro eta Toletxe kaleek bat egiten duten lekuan; gorago dauden Urruzunoko parke berriarekin eta baratze publikoekin lotzeko.

Azpiegitura berri horiek eraikitzeko lanak trenbidearen inguruan eta gainaldean egin beharko dituztenez, ETS Euskal Trenbide Sarearekin adostu behar dute obrak nola egin, eta akordio hori gauzatzeko, Elgoibarko Udaleko osoko bilkurak oniritzia eman dio Udalaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko hitzarmenari.

Urtea amaitu aurretik

Udaletik jakinarazi dutenez, obra aurtengo urtea amaitu aurretik hasiko dute. Proiektua dagoeneko idatzita dagoela azaldu dute, eta hurrengo pausoa obra lizitaziora ateratzea izango da. Eraikiko dituzten igogailu eta pasabideari esker San Pedro auzoaren irisgarritasuna asko hobetuko dela uste du Udalak.

Trenbidea gaindituko duen pasabideak 31 metroko luzera edukiko du (planoan beheko irudian), Toletxe kalea eta Urruzuno parkea lotzeko Bilbo-Donostia linearen gaineko pasabidearen proiektuan jasota dagoenez. Altuera desberdinetan daude Toletxe kalea eta Urruzunoko parkea, hamar metrotik gorako desnibela dago batetik bestera, 37 metroko kotan baitago kalea eta 48,9koan parkea. Horrez gainera, sei metrotik gorako garaiera duen trenbidearen galiboa gainditu behar du obrak. Eskairerekin eta igogailu batekin batuko dituzte bi guneak.

San Pedro kaleko parke zaharra dagoen gunean jarriko dute igogailua, eta, modu horretan, auzoa eta Urruzuno parkea lotuta geratuko dira. Horrez gain, San Pedroko parkea espaloiaren mailara jaitsiko dute. Horrek espaloi zabalagoa egitea ahalbidetuko du, eta plaza txiki bat egiteko baliatuko dute espazio berria. Igogailuaz gain, komun publiko bat ere jarriko dute. 

Aurrekontua eta finantziazioa

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Sailak joan den irailean argitaratutako lizitazio-proiektuak 2.376.788,25 euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontua du, BEZa barne, eta lanok gauzatzeko epea 15 hilabetekoa da. Elgoibarko Udalak aditzera eman du erakundeen arteko lankidetzari esker egingo dela obra hori, eta garrantzia eman diote elkarlan horri. Hasiera batean 600.000 euroko aurrekontua izango zuela jakinarazi zuten arren, inbertsioa handitu dute erakundeek. Aurreikusi duten aurrekontuaren erdia Euskal Trenbide Sareak (ETS) jarriko du, eta beste erdia Eusko Jaurlaritzak berak Debabarrena biziberritzeko erabiliko dituen ZAP programako funtsen bidez.

Toletxe kalea Urruzunoko parkearekin lotzeko azpiegitura eraikiko duten gunea. BARRENA