Elgoibarren aurreikusita dauden inbertsioen kopuru osoa 68 milioi eurokoa da, eta horietatik lau jarriko ditu Udalak. Gainontzeko 64 milioi euroak beste erakundeekin lortu dituzten hitzarmenetatik etorriko dira, hala nola, Eusko Jaurlaritzatik, Gipuzkoako Foru Aldunditik, ETS-tik edota lankidetza publiko-pribatuetatik. Proiektu batzuk martxan daude dagoeneko, beste batzuk hastear eta asko oraindik proiektu fasean edo aurrekontuen azken zehaztapenen zain, baina guztiek data orientagarri argia dutela adierazi dute arduradunek.
Danobatekin elkarlana; Mintxetako gimnasioa eta aparkalekuak
Danobat enpresak finantzatuta hainbat egitasmo burutuko ditu Udalak. Batetik, Mintxetako gimnasioa berrituko dute. Instalazioa handitu eta muskulazio gela berritzea da asmoa. 125.000 euroko aurrekontua dauka, eta osotasunean finantzatuko du Danobatek. Proiektua idatzi, lizitatu eta gauzatu egingo dute 2026an.
Horrez gain, herriguneko alde zaharrean komun publikoak eta armairuak dituen lokal bat egokituko dute, tokiko merkataritza sustatzeko. Udalak hartuko du lokala alokairuan, eta obra Danobatek finanatzatuko du, 50.000 eurorekin. Aurten idatziko dute proiektua, eta datorren urtean gauzatuko dute.
Era berean, DMP-Morkaiko lantegien eraikinak eraitsiko ditu Danobatek, baina horren aurretik arratoien kontrako tratamendua egingo dute. Gaur bertan ekarri dute eraisketa lanetarako erabiliko duten makinaria. Gune horretan aparkalekuak egingo dituzte. 200.000 euro jarriko ditu Danobatek zeregin horietarako.
Urruzunoko igogailua
San Pedro auzoa eta Urruzunoko parkea lotzeko igogailua egingo dute 2027an, baina obra aurten lizitatuko dute. San Pedro kaleko parke zaharra dagoen gunean jarriko dute igogailua. Parkea alturan dago gaur egun, eta hori espaloiaren mailara jaitsiko dute. Horrek espaloi zabalagoa egitea ahalbidetuko du, eta igogailuaz gain, komun publiko bat ere jarriko dute. 600.000 euroko aurrekontua dauka obrak eta Jaurlaritzak finantzatuko du osorik.
Pedro Mugurutza, herritarrek aukeratuko dute proiektua
Pedro Mugurutzako eskola zaharren guneko proiektua herritarrek aukeratuko dute. Lehenik eta behin arkitektura lehiaketa bat deituko du Udalak, eta arkitektura enpresek beraien curriculumak eta merituak aurkezteko aukera izango dute. Lauzpabost enpresa aukeratuko dituzte aurreproiektuak egiteko, eta epaimahai batek horietako hiru hautatuko ditu, jendaurrean jartzeko. Herritarrek epe bat izango dute botoak emateko.
Pedro Mugurutza eraikina osorik botako dute. Hasiera batean sotoa mantendu eta barrutik berritzeko asmoa zeukan Udalak, baina azterketa tekniko batzuen ondoren dena berritzea erabaki dute, eraikinak hezetasun arazoak dituelako. Gune horretan aparkalekuak eta espazio ireki bat aurreikusi dituzte, ibai alderaino iritsiko dena eta Artetxeko etxeen atzeko belar-guneekin konektatuko dena.
Udaltzaingoaren egoitza berria
Segurtasunaren arloan, Udaltzaingoaren lokal berria egokituko du Udalak 2026an. Pedro Miguel Urruzuno 2 zenbakiko lokala erosi zuen legegintzaldi hasieran, 2024an, Gipuzkoano banketxea egon zen lokala, eta 2025ean idatzi zuten proiektua. Lizitazioa eta obra aurten egingo dute. Lan honen kostua osotasunean Udalak hartuko du bere gain. Lekualdatze honekin batera, bake epaitegia eramango dute gaur egun Udaltzaingoa dagoen lokalera.
Errezabal egoitza eta osasun zentro berria
Errezabal egoitzaren obrak hasita daude, eta ondo bidean, 2027an amaitzea aurreikusi dute. Proiektu osoaren aurrekontua 23 milioi euro ingurukoa da, eta horietatik 1,9 milioi jarriko ditu Udalak.
Osasun arloari lotuta, bestalde, anbulatorio berriaren obra hastear dago. Otsailean hasiko dituzte transformazio zentroa San Frantzisko iturri atzera eramateko lanak, eta horren kostua Udalak hartuko du bere gain. 300.000 euro izango dira guztira. Horri gehitu behar zaizkio 100.000 euro, ingurua egokitzeko. Maiatza eta uztaila bitartean eraikina eraitsiko dute, eta urrian hasiko dute anbulatorio berria eraikitzeko obra. Proiektuaren kostu osoa lau milioi eurokoa da, eta 2028rako amaitzea aurreikusi dute.
San Lazaro eta anbulatorioa
Bi obra horiek zuzen zuzenean eragingo diete anbulatorio zaharrari eta San Lazaro egoitzari. Bi gune horietan etxebizitzak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak. Etxebizitza babestuak izango dira; 16, gazteentzako eta beste 16, adinekoentzako. Urte honetan sinatuko du Udalak lankidetza hitzarmena Jaurlaritzarekin, eta bi eraikinak Jaurlaritzaren esku geratuko dira.
Santa klarako komentua izandakoa
Gizarte arloari lotuta, Santa Klarako komentua behar bereziak dituzten pertsonentzako egoitza bihurtzeko lehen pausoak emango dituzte aurten. Udalak eta Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatuko dute, eta horri esker, 300.000 euro jarriko ditu Aldundiak egokitzapen proiektua idazteko. Komentua egokitzeaz gain, inguruko berdeguneak ere berrituko dituzte, auzoari funtzionalitate handiagoa emateko.
Etxebizitza eta eraberritze urbanoa
Etxebizitzak berritzeari dagokionez Eulogio Estarta kaleko etxeetan egin dituzten lanak nabarmendu dituzte. Sigma uzoa berroneratzeko lanen lehen fasea amaitzear dago: zazpi etxebizitza bloke eraberritu dituzte, bai eraikina bera eta baita ingurua ere. Etxebizitzen isolamendua hobetu dute, igogailuak jarri dituzte, terrazak sortu dizkiete lehen ez zeukaten etxebizitzei... Jarduera honek 3,1 milioiko aurrekontua izan du; 2,9 milioi Eusko Jaurlaritzak jarri ditu eta Udalak 200.000 euro.
Era berean, herriko alde zaharra eta Altzola auzoa berroneratzeko planak ere landuko ditu Udalak 2026 eta 2027 urte artean. 30.000 euro bideratuko ditu Udalak plana egiteko.
Mugikortasuna eta azpiegitura
Atal honen barruan trenbideko obrak aipatu dituzte. Elgoibar eta Altzola arteko trenbidearen desdoblamenduan trazadura laburtzea ahalbidetuko duen tunela amaituta dagoela azaldu dute Udal arduradunek, eta desdoblamendu lanen lehen fasea hasita dagoela. Fase honen aurrekontua 20 milioi eurokoa da eta Euskal Trenbide Sareak finantzatuko du osorik. Obra honek tren zerbitzuaren maiztasuna handitzea, Arriaga industrigunerako sarbidea hobetzea eta Elgoibar eta Altzola arteko bidegorria egitea ekarriko ditu, besteak beste. Honi lotuta, Mendarora arteko bidegorria egiteko proiektuak idatziko dituzte, inplikatutako gainerako erakundeekin elkarlanean. Aurrekontu osoa oraindik zehazteke dute.
Saneamendu kolektore berria eta Sallobenterako bidea
Horrez gain, Mendaro eta Altzola arteko saneamendu kolektore berriaren lanak azken fasean sartzear dira. 2026an lizitatuko dute proiektua, eta datorren urtean egingo dituzte lanak. 13,3 milioiko aurrekontua dauka, eta Udalaren eta Jaurlaritzaren artean finantzatuko dute: Jaurlaritzak 13 milioi eta Udalak 300.000 euro.
Aipatu dute baita ere Sallobente-Ermuaran auzorako bidean seinalizazio eta markatze lanak egingo dituztela, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Horri lotuta, Azkarateko bide zaharretik Albitzuri industrigunera doan bidea ere berrituko dute. 100.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute eta Udalak hartuko du guztia bere gain.






