Tximeletak ezagutzeko irteera antolatu dute Arantzazura

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 28a

Inguruan aurki daitezkeen tximeleta espezieak bertatik bertara ezagutzea da Gure Natura Ezagutzen egitasmokoen hurrengo proposamena. 

Morkaiko Mendizale Elkarteak, Elgoibarko Baso Biziak elkarteak eta Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi taldeak elkarlanean garatzen duten Gure Natura Ezagutzen egitasmoaren aurtengo egitarauaren barruan, tximeletak ezagutzeko irteera antolatu dute ekainaren 7rako, Elgoibarko Udalaren babesarekin. Tximeleten bila Oñatiko Arantzazu auzora joango dira, autobusez. Han, Zerynthia elkarteko kide eta basozaina den Iker Novoa Fariñasek egingo ditu gidari lanak, euskaraz. 

Zerynthia tximeletak eta haien habitatak aztertu, zabaldu eta babesteaz arduratzen den tximeleta zaleen elkartea da. Izena Arlekin tximeletatik (Zerynthia rumina) datorkio, Iberiar penintsulan oso esanguratsua den eta Euskadin (batez ere Araban) aurki daitekeen espezie bitxi eta koloretsu batetik. Tximeletak hogei izen ditu euskaraz, batzuk aipatzearee, pinpilipauxa, mitxoleta, aitamatatxi, falfala, mitxirika, inguma, kalaputxi, pitxilota, baina askoz gehiago da tximeletez ez dakiguna, dakiguna baino.

Izena eman behar da

Irteeran parte hartzeko izena eman behar da eta plazak mugatuak direla ohartarazi dute antolatzaileek. Helduek 10 euro ordaindu behar dituzte –bazkideek, 9 euro–; eta umeek, 5 euro –bazkideek, 4 euro–. Izena emateko, helbide honetan dagoen formularioa bete behar da: https://labur.eus//GNE26. Mendirako arropa eta oinetako aproposak eramatea gomendatu dute, eta jatekoa eta edatekoa norberak eraman beharko du etxetik, mendian bazkaltzeko asmoa dute eta.
Irteera egunean Txankakuako autobus geltokian elkartuko dira Arantzazurantz joateko, 10:00etan. Itzulera, berriz, 17:00etarako izango dela aurreratu dute.