Julen Urruzola elgoibartarra Asobal ligara igo da, bigarren urtez jarraian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 2a

Igoerak lortzen espezialista bihurtu da Julen Urruzola eskubaloi jokalari elgoibartarra: iaz EON Alicante taldearekin igo zen Asobal ligara, Espainiako maila nagusira; eta aurten Valentziako Fertiberia Puerto Sagunto taldearekin lortu du igoera.

Julen Urruzola (Elgoibar, 2002) Irungo C.D. Bidasoa eskubaloi taldeak lagata joan zen EON Horneo Alicante taldera, 2023ko udan. Lehen denboraldiaren ostean, bi denboralditarako kontratua eskaini zion Alacanteko taldeak eta onartzea erabaki zuen jokalariak. Iaz Zilarrezko ligan lehen postuan amaitu zuten denboraldia, eta Asobal ligara igo ziren, zuzenean. Honenbestez, Urruzola Asobal ligan aritu da denboraldi honetan Alacanteko taldearekin. Martxoaren amaieran, baina, kontratua etetea adostu zuten taldeak eta jokalariak. Urruzolak bi denboraldi eta erdian 76 partida jokatu zituen Alacanteko taldean, horietatik hamasei Asobal ligan.  

Hortaz, Alacante laga eta Valentzian topatu zuen eskubaloian gorengo mailan jokatzeko lekua apirilean, Fertiberia Puerto de Sagunto taldearekin fitxatu baitzuen. Duela bi denboraldi Asobal ligatik jaitsi ostean, Zilarrezko Ohorezko mailan aritu da Saguntoko taldea, igoera lortzeko lehian sartuta beti, eta asmo horretan taldea indartu nahi zuten Urruzola denboraldiaren zati erabakigarrirako fitxatuta. Eta, ondo baino hobeto irten zaie jokaldia. Mailaz zuzenean igotzea lortu ez duten arren, igoera kanporaketan gailenduta itzuli dira eskubaloian Espainian den mailarik gorenera, Asobal txapelketara.

Saguntok Fundacion Agustinos Alicante taldea izan zuen aurkari Asobal ligara igotzeko Lauko Finaleko azken partidan, maiatzaren 24an, eta Saguntok irabazi zuen talde valentziarren arteko derdia; partida estu eta emozioz beterikoa jokatu ostean (18-17). Hala, Urruzolak igoera bat barrutik bizitzeko aukera izan du, bigarren urtez jarraian. Ikus hemen nola ospatu zuten igoera lortu izana, Lauko Finala irabazi berritan. Gainera, pibote eta hegaleko postuetan aritzen den 2,04 metroko jokalaria taldeko zutabeetako bat izan da defentsako lanean. 

Edonola ere, Saguntoko taldeak hurrengo denboraldian taldean jarraituko ez duten jokalarien berri eman berri du gaur, eta horietako bat da Urruzola. 

 

*Argazkiak: F.P. Sagunto