Herritarren boto gehien jasotzen duen proiektuarekin gauzatuko dute Usetxe plaza

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 2a

Usetxe plazarako diseinua aukeratzeko hiru arkitektura proiekturen artean gogokoenari botoa emateko aukera dute elgoibartarrek, ekainaren 15era bitartean.

Hemeretzi arkitektura-estudio aurkeztu ziren Usetxe Plaza diseinatzeko lehiaketara, eta epaimahai teknikoak hiru onenak, edo zehatzago esanda, egokienak aukeratu ditu, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuta. Horien artean gogokoenari botoa emateko aukera izango dute orain herritarrek, ekainaren 15era bitartean egingo baitute herri-bozketa. 

Udal arduradunek zehaztu dutenez, orain jendaurrean ikusgai jarri dituzten hiru proiektuen artetik bozkatuena gauzatuko dute, baina ñabardurekin, izan ere proiektu irabazlearen egileekin lanketa prozesu bat hasiko dute, proiektua findu eta zehazteko. "Udalaren helburu nagusia da Usetxe plaza herritarrentzako eta kultur eragileen espazio bizigarri bat izateaz gain, ahalik eta aparkaleku gehien mantentzea", adierazi du Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak. 

Botoak emateko tokiak eta moduak

Bozketa martxan da, eta honako gunetan daude ikusgai arkitektura lehiaketan parte hartutako proposamenen berri ematen duten informazio panelak:

  1. Kultur Etxean
  2. Usetxe plazan 
  3. Toletxegainen, plaza ondoan
  4. Aita Agirre Kulturguneko sarreran 

Puntu horietan bertan, QR kodeak daude online galdetegira sartzeko eta Udaleko webgunetik ere sartzeko aukera izango da. Jendaurrean jarri dituzten paneletan ez dute adierazi zein diren hiru diseinuen egileak, irabazlea aukeratutakoan argituko dute arkitektoaren edo diseinua egin duen estudioaren izena.

Halere, paperean botoa ematea nahiago dutenek bi lekutan izango dute horretarako aukera: Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) eta Kultur Etxean. Elgoibarren erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute bozketan. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahalko du. 

Eraikina bota eta plaza berritu

Pedro Mugurutza eraikina osorik botatzea erabaki zuen Udalak. Eraikina dagoen Usetxe plaza berritzeaz gainera, egun eraikina erabiltzen duten hainbat kultur elkarterentzat lokalak sortuko dituzte plazaren azpian. Une honetan EME elkartekoek, Taupada taldeak, filatelia elkartekoek eta Elgojaiotza elkartekoek erabiltzen dute eraikina. Eraikina bota ostean geratuko den orubean "ibaira irekita" egongo den plaza berri bat eraiki nahi dute. Usetxe plaza lehengoratzeko eta eraikina kultura-ekipamendua berreraikitzeko proiekturako 1,8 milioi euroko dirulaguntza emango du Eusko Jaurlaritzak. Obra guztiarentzako aurrekontua, baina, 2,4 milioi euro ingurukoa izango da. 

Ion Zubiaurre Ros hirigintza zinegotziaren berbetan, auzoarentzat proiektu eraldatzailea izango da, orain falta zaien espazio zabal bat eskuratuko baitute, "bizilagunentzako topagunea izango dena eta ibaira begira egongo dena gainera". Aurreratu duenez, urte bukaerarako edo hurrengooaren hasierarako eraiksketa lanak hastea aurreikusten dute.