Trafiko ezbeharra gaur goizeko 9:15 aldera gertatu da, AP-8 autobidean, Elgoibarren. Oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, furgoneta batek zisterna-kamioi bat jo du 69. kilometroaren parean.
Istripuan jasandako zaurien ondorioz, furgonetako bost bidaiariak hil egin dira, eta kamioiaren gidaria Debagoieneko ospitalera eraman dute. Hildakoak Nafarroako foruzainak ziren; Iurretan praktikak egitera zihoazen, Ertzaintzak gonbidatuta. Gizonak ziren bostak, 35 eta 56 urte bitartekoak. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak jakitera eman du hildakoen gorpuak BIlboko Auzi Medikuntzako Euskal Institutura eraman dituztela.
Dagoeneko ireki dute Irungo noranzkorako erreia, eta trafikoa AP1etik desbideratu dute. Errepide nazionaleko trafikoan ere izan du eragina istripuak eta auto-ilarak sortu dira.
Kamioia arratsaldean erretiratuko dute
Istripua eduki duen kamioia arratsaldean kenduko dutela jakitera eman du Bidegik, eta ondoren errepidea garbitzeko lanak egingo dituzte. Bien bitartean, Bilborako norabideari dagokionez, AP-1eko lotunea zabalik dago eta AP-8 Maltzagako lotunetik aurrera itxita dago, eta hala jarraituko du kamioia erretiratu arte.
Hurrengo orduetan istripua gertatu den paretik igaro behar duten gidariei arretaz gidatzeko eskatu die Bidegik, bi norabideetan, izan ere, aurreikusten dute auto-ilara berriak egotea lanaldiaren amaiera ordua iritsi ahala
Hau zen AP-8 errepidearen egoera, 14:00etan (Iturria: Bidegi)
- Behobiako norabidea: errei bat irekita. Aldizkako pasoa ematen
ari da AP-1 eta AP-8ko ibilgailuei - Bilboko norabidea: AP-1arekin lotunea irekita. AP-8a Maltzagako
lotunetik aurrera itxita





