Milioi bat euroko aurrekontua izango dute Azkarateko errepidea egonkortzeko lanek

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 10a

Gipuzkako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, "datozen asteetan" hasiko dituzte Azkarateko errepide zaharra egonkortzeko lanak, eta urte amaierarako amaitzea aurreikusten dute. 

Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamendutik prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, planifikatuta eta abian dituzte GI-3321 errepideko hiru puntu kaltetuenak egonkortzeko jarduketak, Azkaraten. Elgoibar eta Azkoitia Azkarateko gainetik lotzen dituen GI-3321 errepideak hondoratzeak eta lur-mugimenduak ditu zenbait puntutan, eta kalte handienak dituzten hiru guneetan egingo dituzte egonkortze lanak. Puntu horietan jarduketa zehatza behar dela aurreratu dute Aldundiko arduradunek, azpiegitura sendotu eta bide-segurtasuneko baldintza egokiak bermatzeko.

Esku hartzea, milioi bat euro inguruko inbertsioarekin, "datozen asteetan" hasiko dute, eta urte amaieran amaitzea aurreikusten dute. "Helburua da hainbat zatitan lurraren ezegonkortasun-arazoak konpontzea eta bidearen segurtasuna indartzea", adierazi dute. 

Errepideko zorua hobetzeko lan-sorta 2025ean egitea aurreikusita zuen Aldundiak; baina, lanen azterketa sakonagoa egin zutenean, konturatu ziren egonkortze-lanak uste zutena baino handiagoak eta konplexuagoak zirela. Ondorioz, egin beharreko jardueren zati bat birprogramatu eta 2026ra atzeratu zuten; eta, arrazoi beragatik, atzeratu zituzten errepide zati osoan behin-betiko errodadura geruza ipintzeko lanak ere. Iazko azaroan errepidea berritzeko aurrelanak egin zituzten, zenbait zati asfaltatuz eta konponduz.

Lanak, bi zatitan

Dagoeneko lizitatuta dagoen lehen jarduketa batean, 2+100 eta 3+200 kilometro-puntuen arteko bi tarte konponduko dituzte, 692.679,17 euroko aurrekontuarekin eta lau hilabeteko gauzatze-epearekin. Halaber, bigarren esku-hartze bat ere aurreikusten dute errepide honen beste puntu batean, hain justu ere, 4+380 eta 4+640 kilometroen artean. Lanok kontratu berri baten bidez gauzatuko dituzte, eta horietarako 300.000 euro ingurukoa izango da aurrekontua.
Aurreikusitako lanetan lurra egonkortzeko jarduketak sartzen dira, bai eta drainatzeko, arekak berritzeko eta zorua berritzeko esku-hartze osagarriak ere, errepidearen iraunkortasuna eta erosotasuna hobetzeko.

Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearekin eta Ion Zubiaurre zinegotziarekin Azkaraten izan da lanak egingo dituzten ingurua ikuskatzen (goiko irudian).