Petanka zaleek estreinatu dute jolasleku berria Elgoibarren

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 10a

Petankan aritzeko jolaslekua eraiki dute Toletxe kalean, -herriko aurrenekoa-; eta estreinatu dute jada petanka zaleek.

Herriko jubilatuek eginiko proposamena gauzatu du Elgoibarko Udalak Toletxe kaleko 8. zenbakiaren atzean dagoen plazan pertankan aritzeko gunea eraikita. 
Jokoan erretiratuak topatub ditugun arren, gogora ekarri dute adin guztietako herritarrek erabili dezaketela petankan aritzeko pista. "Ez da jubilatuentzako bakarrik", ohartarazi dute. Pista bera jokorako prest dagoen arren, inguruan lan batzuk falta ditu erabat amaituta egoteko. Markagailu bat eta materiala gordetzeko armairu bat ere jarriko dituzte. Petankan aritzeko bolak erosi ditu Udalak eta horiek egongo dira kutxan. Obraren aurrekontua 5.650 eurokoa da –gehi BEZa–.

Jubilatuen Biltokiko zuzendaritzako kidea den Javier Uriarte Bascaran arduratzen da, momentuz, bolak gordetzeaz. Halere, beti dago norberak norberarenak eramateko aukera. Uriartek dio jendearekin egoteko edo lagun berriak egiteko gune aproposa dela petanka gunea. "Gaur egungo jubilatuek ez dute ohiturarik kartetan jolasteko, ezta tokan ere. Esperantza daukagu batzuek animatuko direla petankan jokatzera. Gustura ibiltzen gara hemen, aire librean, ariketa pixka bat egin eta elkarrekin berba egiten dugun bitartean", azaldu du.
Wattsapp taldea ere sortu dute, petankan jokatzeko hitzorduak adosteko, eta Uriartek herritarrak animatu ditu taldera batzera, edo, ager daitezela bestela petanka gunera, eurek pozarren azalduko dizkiete jokoan aritzeko arauak eta gainerakoak. Halatsu laga ditugu petanka zaleak, arauen inguruan eztabaida sutsuan ari zirela.