Elkarrizketa

Iñigo Mugertza: "Nire onena eman diot Sanlori, eta gustura noa egindakoarekin"

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko ekainaren 14a

Sanloko kategoria guztietatik pasatu ondoren, Alcorta taldean egin ditu azken urteak, eta erretiroa hartu du orain Iñigo Mugertzak.

Umetan hasi zen Iñigo Mugertza eskubaloian jokatzen, eta mailaz maila iritsi da gizonezkoen senior talderaino. Dena emanda doa; egindako lanarekin, pozik.

Noiz eta nola hasi zinen eskubaloian jokatzen?
Eskola kirolean genbiltzan, eta kuadrillakoei eskubaloia gustatu zitzaigun. Askok eman genuen izena Sanlon, 10-11 urte genituela. Batzuk futbolean hasi ziren, eta nik ere probatu nuen, baina konturatu nintzen eskubaloia gehiago gustatzen zitzaidala. Dinamikoagoa eta dibertigarriagoa da. Hasieratik jokatu izan dut atezain. Presio handiko postua da, eta nik neuk presio handiko partidetan gozatzen dut gehien. Partida lasaietan ez dut horrenbeste gozatzen.

Erretiroa hartuko duzu, eta Gipuzkoako Kopa irabazita, gainera. Imajinatzen al zenuen horrelakoa izango zela zure azkenekoa?
Inondik inora ere. Gipuzkoako Kopako finala etxean jokatu genuen, eta irabazi egin genuen. Izugarria izan zen. Sanloren omenaldia ere ez nuen espero. Iaz erretiratzeko asmoa neukan, baina lesionatuta egon nintzen eta ez nintzen gustura geratu denboraldiarekin. Urtebete gehiago egitea erabaki nuen, eta aurten bai, aurten gustura erretiratuko naiz. Taldearekin eta neure buruarekin ere oso gustura aritu naiz. Orain, atseden hartuko dut, deskonektatzeko beharra daukat. Hala ere, ez naiz urrutira joango, eta laguntzeko prest egongo naiz.

Zer da Sanlo zuretzat?
Familia bat da. Sekulako giroa daukagu gure artean, lagunak gara denok. Nire ustez, elkartasuna da Sanlo definitzen duen hitza, dena elkarlanean egiten dugu eta jende asko dago inplikatuta klubean. Ama baino gehiago ikusten ditut taldekideak! Egunerokotik irteteko modua da eskubaloia, arazoei buelta ematen laguntzen dit.

Zein balorazio egiten duzu zure ibilbideari buruz?
Egindako lanarekin gustura nago; nire onena eman diot Sanlori, baina iritsi da lagatzeko ordua. Atzetik jende gazte asko dator, eta haiei eman behar zaie lekukoa. Nik eman dut eman behar nuena.

17 urteotan entrenatzaile asko ezagutuko zenituen. Arrastoa utzi dizun inor?
Asko izan dira onak, baina, bat aipatzekotan, Vucci. Ume ginela hartu gintuen, eta hark hezi gaitu. Azken partidan ere harekin gogoratu nintzen. Zigorrekin [Esnaola] ere oso gustura egon naiz, egia esan, harreman oso ona izan dugu, baina urte gehienak Vuccirekin egin nituen.

Nola ikusten duzu eskubaloia Elgoibarren?
Oso ondo. Jende pila bat ikusten da Sanloko motxilekin eta jantziekin, eta hori polita da. Futbolean orain badaude nesken taldeak, baina Sanlok asko egin du nesken kirolaren alde. Mutiletan futbolak indar handiagoa dauka oraindik, baina esango nuke ari dela orekatzen. Eskubaloiak harrera oso ona dauka, eta kiroldegian sortzen den giroa sekulakoa da.