Sorotan Bele taldearen abestiak gogoratu eta abestu dituzte plazan batutakoek

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 14a

Taldea 1996an desegin bazuten ere, askoren gogoan iltzatuta geratu dira Sorotan Belekoek sortu zituzten folk-pop doinu eta letrak. 

Abesti haiek gogora eta ahora ekartzeko sortu dute taldekide ohiek Sorotan Bele Gogoan, bandei begira ondutako emanaldia. Barikuan Elgoibarko Udal Musika Bandarekin batera eman zuten kontzertua Kalegoen plazan, bandak urtero antolatzen dituen kontzertu berezien baitan.

Euskal Herriak izan duen folk-pop talderik gogoangarrienetakoa izan zen Sorotan Bele taldea, 1992. urtean Hondarribian sortua. Hondarribiko eta Lezoko zazpi gaztek (17-18 urte ingurukoak ziren gehienak) osatu zuten taldea, eta lau urtean, 1992etik 1996ra bitartean, hiru disko argitaratu zituzten: Sorotan Bele (1992), Mundu Hegian (1994) eta Jonen kezkak (1996an). 

Kontzertu bereziak, urtez-urte

Elgoibarko Udal Musika Bandak bandek eskaintzen dituzten ohiko saioetatik aldentzen den kontzertu “desberdin” bat antolatzeko ekimena jarri zuen abian 2016an, besteak beste, Bandaren kontzertuetara publiko “berria eta gazteagoa” erakartzeko asmoarekin. Harrezgero, urtero eman dute kontzertu berezi hori, eta askotariko musikekin uztartu dute bandako musika: rock gaua egin dute behin baino gehiagotan, Celtas Cortos taldearekin batera ere aritu ziren Elgoibarko musikariak, modu klasikoagoan Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatzarekin, eta Gospel gaua egin zuten 2022koan, Goizargi Gospel Choir taldearekin. Queen Gaua izan zen 2023koa eta 2024an Serafin Zubirirekin batera aritu ziren, Nino Bravori gorazarre eginez. Iazkorako Korrontzirekin batu nahi zituzten bideak, baina bertan behera laga behar izan zuten asmoa, eta Queen Gaua errepikatu zuten, aurrenekoaren arrakasta berarekin. 

Erlazionatuak

'Sorotan Bele Gogoan' emanaldia, argazkietan

Asier Orbea Ostolaza eka 14, 10:13 Elgoibar