Akuatloiarekin ireki dituzte Mintxetako igerilekuak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 17a

Joan den zapatuan hasi zen bainu denboraldia aire libreko Mintxetako igerilekuetan, festa giroan hasi ere. Uretara sartzen aurrenekoak, baina, Akuatloiko partaideak izan ziren.

Elgoibarko Igeriketa Taldeak antolatzen du Akuatloia eta hirugarren ekitaldia izan da aurtengoa; aurrenekoa Olaizaga kiroldegian egin zuten, eta Mintxetan egin dituzte azken biak. Aurtengoan 30 gaztetxok parte hartu zuten estimazio handia duen kirol-proban, hiru adin taldetan banatuta. 

Antolatzaileen berbetan kirol proba erakargarria da eta estimazio handia du, igeriketa eta atletismoa uztartzen dituelako. "Lehiaz harago, kirolaz gozatzeko, norberaren mugak gainditzeko eta lagunartean une atseginak pasatzeko aukera bikaina eskaintzen du Akuatloiak. Horregatik, esker berezia eman nahi diegu ekitaldi hau aurrera ateratzen bidelagun izan ditugun boluntario guztiei, egin duten lanagatik eta erakutsi duten inplikazioagatik. Udalari ere eskertu nahi diogu eman diguten laguntza. Haien ekarpenari esker, akuatloia arrakastaz egitea lortu genuen", adierazi dute. 

Sailkapenak eta aitortzak

Lehiari dagokionez, A kategorian Zohargi Oiartzabal eta Ander Pizarro gailendu ziren; B kategorian Nahia Ortega eta Eñaut Zinkunegi; eta azkenik, C kategorian Ekain Soto.

Era berean, aipamen berezia egin zioten Aisha Hadiriri, urte osoan zehar erakutsitako "jarrera bikaina, konpromisoa, inplikazioa eta esfortzua" aitortzeko. Igeriketa Taldekoek Arkaitz Ortegari ere eman dizkiote eskerrak, "Akuatloian ateratako argazki ederrengatik" (goragoko argazki bilduman ikus ditzakezue). Elkarrekin mokadutxoa janez eman zioten amaiera III. Akuatloiari.

DJak girotutako irekiera

Festa giroan, -eta eguraldi beroarekin- inauguratu zuten aire libreko bainu denboraldia, akuatloiaren ostean DJ Titaren saioa -eguerdian- eta dantza urbanoen erakustaldia -arratsaldean- egin baitzituzten igerilekuak zabaldu zituzten egunean, zapatuan. Gainera, sarrera librea izan zen. Igerilekuak ireki zituztenetik egun eguzkitsuak eta beroak egin ditu, eta jende ugari ibili da. Datozen egunetan ere egongo da aukera, edo uretan freskatzeko beharra, bero handiak iragarri baitituzte.

  • Sarreren eta abonuen prezioak hemen