Urazandiko hainbat bizilagun urik gabe geratu ziren bart matxura batengatik

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 18a

Ur-hodi batean izandako arazo baten ondorioz, atzo arratsalde-iluntzean ur zerbitzurik gabe geratu ziren Urazandiko hainbat bizilagun, hain justu Errezabal zahar etxea egiteko lanetatik gertuen dauden atarietan bizi direnak.

Ur-hodien gaineko errepidea hondoratu izanak zerikusia izan dezake matxurarekin; litekeena da hodia bere lekutik mugitu izana, eta hori izatea atzoko ur ihesaren eragilea. Halere, Udaletik ez dute halakorik baieztatu, eta ihesaren arrazoiak aztertzen ari direla adierazi dute. 

Errezabal egoitza izango dena eraikitzeko obra hasi zutenean pitzadurak azaldu ziren gainaldean dagoen auzoko errepide zatian. Arazo horri irtenbidea emateko, obrak hiru hilabetean gelditzea erabaki zuten; eta, eraikina eta Urazandiko mendi magala banatuko dituen euste horma sendoago bat eraikitzeko lanak hasi zituzten apirilean. Errezabaleko zahar-etxea eraikitzeko fase berri honetan, lehentasuna da lurraren egonkortzea, obrari berriro ekiterakoan "segurtasuna eta kontrola" bermatuta egon daitezen.
Lurra egonkortzeko lan horien barruan, azken asteetan lurrez beteriko kamioiak aritu dira obrarako lurra garraiatzen. Lurrez bete dute obra gune guztia. Auzotar batzuek kamioi horien joan-etorri etengabearekin lotu dute atzoko ur ihesa, baina Udaletik ez dute baieztatu. Ondo aztertu behar dela zehaztu dute.

Bizilagunak sei bat orduan egon ziren urik gabe eta 23:00ak aldera berreskuratu zuten zerbitzua, URA agentziako beharginek arazoari konponbidea eman ziotenean. Errepidea zulatu behar izan zuten hodiraino iristeko eta ihesa zegoen parean piezak aldatu.

Hainbat bizilagunek auzoko iturria erabili zuten etxean ez zuten ura eskuratzeko. Halako egoerek agerian lagatzen duten moduan, falta zaizkigunean bakarrik ematen diegu garrantzia edo balioa hainbat konturi, kasu honetan etxean ur korrontea izateari.