Tertuliak programaren gainean eragileek sortu duten hamabi minutuko bideoa ikusi zuten ospakizunaren hasieran. Bideoan Tertuliak programa zer den azaltzen da, eta tertuliakideen iritziak eta emozioak ere jasotzen dira bertan. [Ikus hemen bideoa]
Ondoren, bi tertuliakidek hartu zuten hitza, Josean Gomezek eta Rebeca Estebanek, beraientzat Tertuliak programak zer eman dien azaltzeko, eta beste bik bertsotan ere jardun zuten, Virginia Barriadak eta Karlos Marcosek.
Opariak banatu zituzten gero. Tertuliak programaren eragileek –Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala, AEK euskaltegia eta Udal Euskaltegia -erregalu bana eman zieten ospakizunean bildutako tertuliakideei, esker ona adierazteko.
Alde ludikoarekin amaiera
Ospakizunaren alde ludikoari egin zioten lekua ondoren, eta kantuan jardun zuten tertuliakideek, herriko lau musikariren laguntzarekin: Aitor Asenjo, Danel Legorburu, Maialen Etxeberria eta Ainhitze Beristain. "Jan-edanak lagun genituela sortu zen lagun-giroarekin eta ospakizun-jaian bildu ginenoi ateratako erretratuarekin eman genion amaiera ekitaldiari, 25 urteko ibilbideak ematen digun poza aurpegian genuela", adierazi dute.