Elgoibarren dauden aterpe klimatikoen berri eman du Udalak, alarma gorriaren aurrean

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko ekainaren 22a

Elgoibarren dauden aterpe klimatikoen berri eman du Udalak, tenperatura altuetatik babesteko. Gune guztiak 20:00ak arte zabalik egongo dira. 

Alarma gorriaren aurrean, Elgoibarren dauden aterpe klimatikoen berri eman du Udalak, herritarrek, bereziki pertsona kalteberenek, leku fresko eta egokiak izan ditzaten, bero gehien egiten duten orduetan. Leku guztiak 20:00ak arte egongo dira zabalik. Horrez gain, Mintxetako futbol zelaiko ur aspersoreak martxan egongo dira, 20:00ak arte, bertan jolastu eta freskatu ahal izateko. 

Kirol Campuseko partaideak Mintxetako aspertsoreek botatako urarekin freskatzen, goizean. BARRENA

Era berean, tenperatura altuetatik babesteko gomendio orokorrak gogorarazi dituzte Udaletik: egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez egotea, ura maiz edatea, alkohola eta edari azukredunak saihestea, eta bakarrik bizi diren adinekoei arreta berezia eskaintzea. Edozein sintoma larri izanez gero, garrantzitsua da berehala 112ra deitzea.

Barruko babeslekuak:

  • Aita Agirre
  • Ludoteka
  •  Jubilatuen Biltokia. Bertan haizagailuak egongo dira bertan babestu nahi duten adinekoentzat.
  • Kiroldegiko 0-5 urteko aretoa, 11:00etatik 19:00etara zabalik egongo dena. 


Kanpoko babeslekuak:

  • Karkizao parkea
  • San Roke-Meka atzealdeko berdegunea
  •  Sigmako frontoia
  •  Maalako aterpea
  • Herri Eskolako aterpea
  • Urazandi parkeko aterpea
  •  Antonio Arrillaga plaza 4-10
  • Bolatokiko parkea
  • Elizako arkupeak
  •  Udaletxeko arkupeak
  • San Roke 16 parke gorria
  • Giza Eskubideen Parkea
  • Probalekua
  • Trenbide kaleko arkupea
  • Jausoroko arkupeak
  • Arregitorreko arkupeak 10-12-14
  •  Basarteko haur-parkea.

Neurri hauek alarma gorria aktibo dagoen bitartean mantenduko dira. Euskalmetek eta Eusko
Jaurlaritzako Osasun Sailak alarma-egoera altxatzen dutenean, espazio eta zerbitzu guztiak ohiko funtzionamendura itzuliko dira. Elgoibarko Udalak egoeraren bilakaeraren etengabeko jarraipena egiten jarraituko du, eta edozein aldaketaren berri emango die herritarrei ohiko komunikazio-bideen bidez.