Gaurko eta datozen egunetarako iragarrita dagoen muturreko beroagatik alerta gorriak eta laranjak ezarrita daude, eta horren ondorioz, kirol campuseko egitaraua egoerara egokitu dute arduradunek.
Campuseko kamisetak jantzi eta talde argazkia aterata hasi dute eguna Mintxetan batu diren gazteek. 10:00ak ziren arren, 30 gradutara gerturatzen ari zen termometroa, eta futbolzelaiko aspertsoreak piztu dituzte gazteak freskatzeko. Haiek pozarren hartu dute erabakia eta ureztagailuen azpian ibili dira batetik bestera. Mintxetako futbol zelaiko ur aspersoreak martxan egongo dira, 20:00ak arte, nahi duen orok bertan jolastu eta freskatu ahal izateko.
Campuseko arduradunek jakinarazi dutenez, neurri gehiago ere hartuko dituzte beroari aurre egiteko. Sarri egingo dituzte hidratatzeko etenaldiak eta Mintxetako igerilekuak aurreikusia zuena baino gehiago erabiltzeko asmoa dute. Hori dela-eta, bainujantzia egunero eramateko eskatu diete partaideei eta baita ura ere.
Udalak Elgoibarren dauden aterpe klimatikoen berri eman du gaur, tenperatura altuetatik babesteko.
Guztira 196 haur eta nerabek hartuko dute parte aurtengo campusean, 11 hezitzaileren laguntzarekin, lau astean: astelehenetik ostiralera 9:30etik 12:30era.