Endika Aldaolea eta Pilar Arriola gailendu dira Urruzuno trail lasterketaren estreinaldian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 22a

Lehen hiru postuetan sailkatu ziren saltakariak: Julen Dobarro, Endika Aldaolea eta Martin Egizabal. Arg: Mikel Askasibar

25 mendi lasterkarik parte hartu zuten zapatuan estreinakoz jokatu zuten Urruzuno Trail Fest lasterketan.

Antolatzaileek partaide gehiago espero zituzten arren, uste dute eragina eduki duela eskaintza ugariko asteburua izan izanak. Sentsazio "gazi-gozoa" laga die partaide kopuruak, baina, halere, gehiago dute pozetik. Gustura daude Urruzuno Trail Fest ekimenaren lehen edizioa antolatzeko egindako lanarekin, eta auzoa ezagutzera emateko egin duten ahaleginarekin. "Eskerrak eman nahi dizkiegu proba antolatzen bidelagun izan ditugun boluntario, babesle eta kolaboratzaile guztiei, eta lehenbiziko edizio hau gauzatzen modu batera edo bestera ekarpena egin duten lagun guztiei", adierazi dute.

Lehiari dagokionean, Endika Aldaolea markinarra izan zen probako lehen irabazlea. 28 minutu eta 23 segundoan osatu zuen 5,5 kilometroko ibilbidea. Irabazlearengandik 14 segundura helmugaratu zen Martin Egizabal elgetarra (0:28:37) eta Julen Dobarro mendaroarra igo zen podiumeko hirugarren koskara, 0:29:22ko denbora eginda. 
Emakumezkoetan Pilar Arriola atleta nekaezina izan zen azkarrena 29 minutu eta 40 segundoko denbora eginda. Mireia Agudiña elgoibartarra sailkatu zen bigarren postuan (/0:46:48) eta Irati Garate durangarra hirugarrengoan (0:54:15)

Beroari aurre egiteko neurriak hartu behar izan zituzten antolatzaileek; batetik, anoa postuak gehitu zituzten, eta bestetik, lorategiko mangerak erabili zituzten antxitxikarien gorputz tenperatura hozten laguntzeko. 

Musika goizaldera arte

Sari banaketa egin ostean, 19:00etatik aurrera, hasi zen ekimenaren bigarren zatia, non musika izan zen protagonista. DJ Pires eta J arduratu ziren musika jartzeaz, iluntzera arte euskal musika eta gauean musika elektronikoa, goizaldeko 01:00ak arte. 

Pilar Arriola Urruzunoko elkarte aurretik igarotzen. Helmuga ere bertan zegoen. Mikel Askasibar.

Emakumezkoen eta gizonezkoen podiumak. Arg: Mikel Askasibar

Erlazionatuak