Elgoibarko EAJren iritziz, Udalak "arduraz, zorroztasunez eta irizpide teknikoetan oinarrituta" jardun du hasiera-hasieratik Errezabalgo obraren inguruan. Antzemandako gorabeheren aurrean, beharrezkoak diren analisiak eta egiaztapenak egin direla diote, proiektuaren fase bakoitzean erabaki egokienak hartzeko: "Lan horren ondorioz, gaur egun
beharrezko bermeak ditugu segurtasunez aurrera egiten jarraitzeko eta Elgoibarrek behar duen azpiegitura bat eraikitzeko hurrengo urratsak ematen jarraitzeko", adierazi dute.
Gogoratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra dela, 20 milioi eurotik gorako inbertsio eskatzen duena, eta haien esanetan, Elgoibarko Udalak "eskuak garbitu beharrean", une oro egin du obraren jarraipena, dauden kezkak azalduz, "beharrezko informazio guztia eskatuz eta egokitzat jo den guztietan azterketa eta egiaztapen gehigarriak ere eskatuz".
Hori guztia helburu bakar batekin egin dela diote: segurtasuna bermatzea eta ahalik eta erantzukizunik handienarekin jokatzea. Hortaz, oposizioaren jarrera kritikatu egin dute: "Ez dugu partekatzen batzuek gai tekniko bat norgehiagoka politikorako tresna bihurtzeko egiten duten ahalegina. Zilegi iruditzen zaigu oposizioak udalaren jarduna fiskalizatzea. Bere lana da. Baina gauzei bere izenez deitu behar zaie: fiskalizatzea, azalpenak eskatzea edo dokumentazioa eskatzea ez da konponbideak ematea".
EAJren ustez, harrigarria da laguntzeaz hitz egitea jardun politiko guztia "zalantzak sortzera, eskakizunak egitera eta susmoak elikatzera" mugatzen denean: "Elgoibarren etorkizunerako garrantzitsuak diren proiektuak jokoan daudenean, proposamenak egitea, elkarlanean aritzea eta arduraz jokatzea ere bada laguntza ematea. Gizartean alarma sortzea ez da informatzea, eta ez du inolako arazo konpontzen laguntzen. Aitzitik, ziurgabetasuna gehitu du irizpide teknikoetan zorroztasuna, erantzukizuna eta konfiantza behar diren lekuetan. Herritarrek egiazko eta egiaztatutako informazioa merezi dute, ez kezka areagotzen lagunduko duten mezuak, konponbiderik eman gabe", gaineratu dute.
Alderdi jeltzaleak esan du Udalaren lehentasuna segurtasuna izan dela eta izango dela aurrerantzean, eta gaineratu dute hartzen den erabaki bakoitzak dagozkion txosten eta irizpide teknikoen babesa duela. "Horregatik jarraituko dugu lehen egunetik erakutsi dugun zuhurtziaz eta exijentzia maila berarekin jokatzen".
Horrez gain, hasieratik kezka bikoitza izan dutela azaldu dute: alde batetik, herritarren segurtasuna eta lasaitasuna bermatzea; bestetik, Elgoibarrentzat "funtsezkoa" den proiektu bat aurrera ateratzea. "Errezabal egoitza izango dena oso hobekuntza garrantzitsua izango da adinekoentzako zerbitzu eta arretarentzat, herritar guztiei mesede eginez eta gure udalerriaren benetako behar bati erantzunez". Oposizioari, berriz, polemikak bilatu eta susmoak elikatzen aritzea leporatu diote.