Errezabalgo obraren gainean informazioa falta dela salatu du Elgoibarko EH Bilduk

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko ekainaren 24a

Errezabalgo obra hiru hilabetez geratzea erabaki zuten martxoan, eta ordutik hona eman diren gertakarien gainean informaziorik ez ematea leporatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari. 

Errezabalgo obrak Urazandiko errepidean eta etxeetan eragin zituen kalteen ondorioz, euste horma sendotzea erabaki zuten, eta horretarako obra hiru hilabetez eten zuten martxoan. Ordutik hainbat gertakari izan dira, besteak beste, joan zen asteko ur ihesa, eta Errezabalgo gunea lurrez bete dute azken asteotan. EH Bilduren iritziz, horrek guztiak kezka eta ziurgabetasuna piztu ditu auzotarren artean. 

Horren aurrean, EH Bilduk argi dauka oinarrizko hiru helburutara bideratu behar duela bere lana: lehenik, "arazoa behar bezala kudeatzen eta udalerriaren interes orokorrak babesten" laguntzen duen guztian laguntzea; bigarrenik, Udalak egoera hori "modu eraginkorrean, gardenean eta legezkotasunaren arabera" kudea dezan zaintzea; eta, hirugarrenik, herritarrengandik egunero jasotzen dituzten galdera, zalantza eta kezkei zorrotz erantzutea. Hiru helburu horiek ezinbesteko baldintza bat partekatzen dutela gaineratu du ezker abertzaleko koalizioak: informazio osoa, egiazkoa eta garaiz emandakoa izatea. "Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu publikoki salatzea informazio hori ez dela iristen ari egoeraren larritasunak eskatzen duen maiztasun, xehetasun eta gardentasunarekin, ez EH Bilduren zazpi zinegotziko taldera, ez eta, larriagoa dena, auzotarrengana".


EH Bilduk dio obra hasi zenetik eskatu dituztela "beharrezko datuak", bai ahoz, bai Lurralde Batzordean eta baita idatziz  ere. "Beharrezko datuak"  eskatu dituzte antzemandako arazoen  neurria eta haiei aurre egiteko hartutako erabakiak ezagutzeko. Hala ere, zehaztu dute orain arte jasotako informazioa "partziala, eskasa eta, kasu askotan, berantiarra" izan dela.

"Jarduteko modu horren azken adibidea" ere eman dute: maiatzaren 22an obrak egiten ari den enpresari  Udalak egungo egoerari buruzko informazioa "lehen txosten betearazle argi eta ordenatu baten bidez formalizatzea" eskatu zion Udalak eta 15 eguneko epea eman zion horretarako. Baina EHBilduk salatu du Udalak aste honetan jakinarazi diola arrazoikotzat jotzen duela enpresaren atzerapen eskaera eta ekainaren 23an txostenik ez dagoela. "Adi: apirilaren 1ean gelditu ziren obrak, enpresak hainbat lan egin ditu, sentsore batzuk ipini omen ziren... eta ekainaren 23an Udalak ez du enpresatik txostenik jaso?", salatu dute.

Gogora ekarri dute, bide batez, martxoko Osoko Bilkurak baldintza hau ezarri ziola hitzez-hitz enpresari: «Hormetan jarritako dianen neurketen kontrola egiten jarraituko da, eta Udalari bilakaeraren txostena emango zaio hilero». Salatu dute hiru hilabete igaro direla ordutik, eta hirigintzako arduradunak ez duela azalpenik eman. 

Azalpen ezak erantzun argia merezi duten galderak planteatzen dituela diote, eta haien iritziz, horrek esan nahi du jarduera jakin batzuk Udalak baimentzen dituela, "mendiari ustez eusteko ehundaka kamioi lurrez egindako zuloa estaltzea, adibidez, behar den informazio tekniko guztia izan gabe". Bildutik argitu dute estaltze hori justifikatu beharko lukeen txostena eta lur mugimenduen onarpen txostenak eskatu dituztela Udalean, eta ez dizkietela eman. "Ala, bestela, informazio hori existitzen dela esan nahi du, baina udal-taldeek eta herritarrek informazio hori ezagutzeko edo ulertzeko aukerarik ez dugula?", esan dute. 


Bata zen bestea, bi aukera horietako bat ere ez da onargarria Bilduren ustez, eta defendatu dute herritarrek eskubidea dutela jakiteko zer gertatzen ari den, zer erabaki hartzen ari diren eta zer irizpide teknikotan oinarritzen diren. "Eta udal-taldeok informazio hori eskuratzeko betebeharra eta eskubidea dugu, gure kontrol-eta ordezkaritza-eginkizunak arduraz bete ahal izateko. Urazandiko bizilagunek ez dute zurrumurru edo isilunerik behar; erantzunak behar dituzte. Eta erantzun horiek gardentasunez, zorroztasunez eta justifikaziorik gabeko atzerapenik gabe eman behar dira".