Hasier Muruak garaipena eta errekorra lortu du 40. Nahaste Borrasten, eta Elgoibarko kirol proben trilogia osatu du

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 26a

Berezia izan da aurtengo Nahaste Borraste; besteak beste, kirol probaren 40. urteurrena ospatu dutelako, proba irabazi duten kirolari ugarik parte hartu dutelako, Hasier Muruak errekorra ondu duelako eta aurreko urteetan baino emakume gehiagok parte hartu dutelako.

Joan den urrian Idotorbeko txirrindulari igoera irabazi zuen Hasier Murua Perezek, azaroan azkarrena izan zen Karakateko Igoeran eta gaur Nahaste Borraste irabazi du. Era horretan,  Elgoibarko kirol proba herrikoienen trilogia osatu du, -Mugertza krosa beste liga batean dagoela kontuan hartuta, noski-. Muruak bata bestearen atzetik irabazi ditu aipaturiko probak, eta estreinakoz gailendu da hiruretan. 

Errekorra minutu erdian ondu du

Gaurkoan garesti zegoen garaipena eskuratzea, Nahaste Borraste irabazia duten hiru lagunek hartu baitute parte: probako dominatzaile nagusia den Iñigo Lariz Azkuek (10 garaipen ditu), Mikel Gurrutxaga Barruetabeñak (2025eko eta 2023ko irabazlea) eta Iker Beristain Astigarragak (2024ko irabazlea). Txapeldunen arteko lehia horretatik txinpartak espero zitezkeen, eta errekorra ontzea izan zitekeen ondorietako bat. Eta halaxe izan da, baina orain arte garaipenik lortu gabeko gonbidatuak egin du marka. Bero sargoria ez da oztopo izan Iñigo Larizek oraingo ibilbidean 2016tik zuen errekorra ontzeko (17:34). Txapeldunei aurrea hartuz, Hasier Muruak irabazi du proba, eta 16 minutu eta 58 segundoan ezarri du errekor berria, Larizena 36 segundoan onduz. 

Iazkoan Larizen errekorretik gertu geratu zen Mikel Gurrutxaga Barruetabeña ere, hain justu ere lau segundura (17:38an egin zuen). Aurtengoan txapeldunorde izan da 17:12ko denborarekin, hau da, orain arte egin duen denborarik onena eginda. Muruak 14 segundoko aldea atera dio helmugan Gurrutxagari. Lariz ailegatu da hirugarren postuan Kalegoen plazako helmugara, 17:55eko denbora eginda. 2022tik lehiatzeke zegoen, hain zuzen, hamargarren garaipena lortu zuenetik. Jon Dominguez Cid gaztea sailkatu da laugarren postuan, Nahaste Borraste sei alditan irabazitakoa den Martin Dominguezen semea. Lasterketa luzeagoetan hobeto moldatzen dela aipatu zion aitak BARRENAri probaren 40. urteurrenaren harira eginiko elkarrizketan, baina hala izanik ere, 21 urteko gazteak meritu handiko laugarren postua eskuratu du.

Sei emakume, aspaldiko kopuru handiena

Emakumezkoen presentzia txikia izan da beti Nahaste Borrasten, hainbat ediziotan Ainhoa Lendinez Garate izan da partaide bakarra. Kimetz elkartekoak saiatu dira emakumeen parte hartzea sustatzen, baina antzuak izan dira ahaleginok azken urteetan. Aurten, aldiz, sei emakumek parte hartu dute. Ainhoa Lendinez izan da azkarrena beste behin ere (22:10), eta hamaseigarren txapela bururatu du. Ainhoaren aizpa Nerea sailkatu da bigarren postuan (25:29) eta Maria Amundarain hirugarrengoan (28:56).