Aste hasierako beroagatiko alerta gorriak atzean laga, eta giro freskoagoarekin ospatu dituzte jaiak zapatuan eta domekan. Jaien hasiera iragartzeko kanpaikadak jo eta txapliguak jaurti ostean, Mus txapelketaren 14. ekitaldiarekin hasi zituzten jaiak zapatuan. Narbaizak eta Condek osatutako bikotea izan zen onena, eta haientzat izan zen Elgoibarko Udalak emandako garaikurra eta 150 euroko saria. Triki mendi buelta, lagunarteko afaria eta Xabi Fest DJak gidatu zuen erromeriak osatu zuten zapaturako jai-egitaraua.
Domekan, berriz, prozesioarekin eta mezarekin hasi zituzten ospakizunak, eta meza ostean Haritz Euskal Dantzari Taldekoek aurreskua eta soka dantza dantzatu zituzten auzotarrekin batera. Unai Andonegi eta Balzolak girotu zuten egun guztia trikiti doinuekin.
Jon Ibarluzea nagusi bola-jokoan
Domeka eguerdian hiru txirlo bola-joko txapelketa jokatu zuten auzoko bolatokian, eta Jon Ibarluzea elgoibartarrak irabazi zuen tiraldia, hiru txirlo botata. Irabazleak Elgoibarko Udalak emandako garaikurra eta 100 euro jaso zituen saritzat. Asier Azkarate bergararra sailkatu zen bigarren postuan, eta 70 euroko saria jaso zuen hark. Eskoriatzako bolari Jose Luis Gorosabel sailkatu zen hirugarren postuan, eta 30 euroko saria eskuratu zuen.
*Argazkiak: Mikel Askasibar / Elgoibarko Udala.
Errifaren zozketako sarituak
Idotorbeko jai batzordekoek errifen zozketa eginez eman zioten amaiera sanpedro jaiei, eta azaldu dira sarituak. Javi Martinezek jaso du produktuz betetako orgatila, 4036 zenbaki sarituari esker. Bigarren saria, asteburu pasa, Ramon Arizagak jaso du, berak aurkeztu baitzuen zenbaki saritua -4020- zuen txartela.
Errifen zozketako irabazleak saria jasotzen. Arg: Idotorbeko jai batzordea.


