Elgoibarko bidesaria erabat berrituko du Bidegik

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 30a

Bidegik 5,7 milioi euroko inbertsioa egingo du Elgoibarko bidesaria berritzeko eta modernizatzeko.

AP-8 autobiderako Elgoibarko sarbidea berritzeko lan nagusiak uztailaren erdi aldera hasiko dituztela jakinarazi du Bidegik, dagoeneko aurrelanetan hasiak diren arren. Lanak Kapsch Trafficcom Arce Sistemas eta Amenabar S.A enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak egingo ditu, lizitazioa eskuratu eta gero. 5.723.789 eurokoa da aurrekontua, BEZarekin. Enpresa esleipendunak 19 hilabete izango ditu proiektuan aurreikusitako lanak egiteko. Hortaz, 2027ko urriaren 25erako amaitzea aurreikusten dute.

Langilerik gabeko ordainsaria

Proiektuaren helburua da Elgoibarko ordainlekua erabat berritzea. Eta horretarako, egun dagoen markesina erakitsiko dute, eta ibilgailuentzako dauden bost bideak berrituko dituzte. Etorkizunean free flow sistemara egokitzeko moduko ataria eraikiko dute, alegia barrerarik gabeko ordainlekua; eta hortaz, langilerik gabe funtzionatu ahal izango dute. Era berean, instalazio elektrikoa berrituko dute.

Oiartzun, Zarautz ekialdea, Irun M/O, Orio eta Eskoriatzako ordainlekuetan egin duten edota egun egiten ari diren antzerako berritze lanak egingo dituzte Elgoibarko bidesarian ere. Ordainleku berriak makina automatikoak izango ditu, hain zuzen ordainketa modu guztiak eskainiko dituzten makinak: TAGarekin, telefono mugikorrarekin, erloju adimendunarekin, banku txartelarekin edota eskudiruarekin. Era honetan "prest" egongo dira bide dinamiko gisa jarduteko, hau da, Via-T edo Abiatu bezalako TAG gailu bateragarriak irakurtzeko ahalmena izango dute "ibilgailuak erabat gelditu gabe igarotzea ahalbidetuz". Horretarako, bidesariek matrikula irakurtzeko kamerak eta bereizmen handiko inguruetako kamerak izango dituzte, autobidera sartzen edo irteten den ibilgailu mota zehazteko, baita ordainketa mota guztietarako makina automatikoak eta urruneko komunikazio mekanismoak ere.

Bidegitik zehaztu dutenez, egingo dituzten hobekuntzei esker erabilterrazagoa izango da bidesaria, "besteak beste, zerbitzua arinagoa eta erosoagoa izango delako Via T sistemaren erabiltzaileentzako, mugikorrarekin ordaintzeko aukera egongo delako, argiteria eta seinaleztapen hobea, zabalera bereziko ibilgailuei pasatzeko erraztasun handiagoa eta etorkizuneko teknologietarako prestatutako geltokia".

Ordainlekua ez dute itxiko

Obra bost fasetan egingo dute, eta 0 fasea izango da datorren astean hasiko dutena. Fase horrek hiru hilabeteko iraupena izango du eta irailean amaituko da, gutxi gorabehera. 0 fase honek ez du eraginik izango erreietan. Trafikoari dagokionez, kobrantza-estazioa beti egongo da funtzionamenduan, eta gutxienez bi errei erabilgarri edukiko dituzte, "uneoro". Bi errei horiek murriztea dakarten jarduketak gauez edo trafiko- dentsitate txikiko ordutegian egingo dituztela ohartarazi dute.

Bidesaria berritzeko lan horiek eginda, ordainlekua etor daitezkeen berrikuntzak hartzeko moduan prestatu eta lagako dutela azaldu dute Bidegiko arduradunek. Lanok ahalik eta eragozpen txikienekin egiteko konpromisoa adierazi dute, eta asmo horretan trafikoari buruzko informazioa emango dute obrak irauten duen bitartean.