Antolatzaileek Kalegoen plazan egin zuten atzo proba aurkezteko ekitaldia, eta prentsa oharra bidali dute probaren nondik-norakoen berri emateko. Jakinarazi dutenez, 56 auto lehiatuko dira Etxebarri eta Elgoibar arteko errepidean, eta horien artean emakumezko pilotuak izango dira bi: Mirari Arruti eta Monika Muñoz. Emakumezko bi kopilotuk debuta egingo dute, Aiora Urbieta eta Oroitz Sanchez markina-xemeindarrek. Gizonezkoen artean ere izango dira estreinakoz arituko direnak, hain justu ere, Jokin Otaegui, Jon Arrazola eta Gorka Badiola. Partaideetatik 30 inguru Lea-Artibai eskualdekoak dira, antolatzaileek azpimarratu dutenez.
Bide mozketa eta irteera ordua
Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu, nagusiena erlojupeko ibilbidearen noranzkoa, Elgoibartik Etxebarriara artekoa izango baita aurten. 12:00etan itxiko dute Aiastiarako errepidea, eta desbideratzea Eibar-Ixuatik egin beharko da.
Zapatu goizeko egiaztapenak eta parke itxia Markina-Xemeinen egongo dira, eta handik abiatuko da lehen autoa, 11:40etan, Elgoibarren egongo den irteera punturantz. Erlojupeko ibilbideari hasiera eman aurretik, baina, partaideak Elgoibarko kaleak gurutzatuko dituzte, eta Kalegoen plazatik igaro ostean, irteera punturaino joango dira. Irteera Aiastiarako errepidean egongo da, Metala parean. Lehen parte hartzailea 13:00etan irtengo da. Partaideek Elgoibar eta Etxebarria arteko 10,63 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, hiru tandatan. Sari banaketa ekitaldia Etxebarrian egingo dute, 19:00etan. Lan eta asistentzia eremua, ohi bezala, Etxebarriko Galartza industriagunean egongo da.
Euskadiko Rallysprint txapelketarako proba puntuagarria izango da proba. Iazkoan 63 autok parte hartu zuten, eta EME eskuderiako Aitor Saizar pilotua eta Alazne Apalantza kopilotua gailendu ziren.
Lasterketaren aurkezpena egiteko autoak batu zituzten plazan: Apalantzatarren Mitsubishi WRC mitikoa, Unai eta Ainhoa Usobiaga neba-arreb elgoibartarren Peugeot 205a, Garikoitz Ulaciaren Ford Fiesta eta EME eskuderiako Olariagaren Honda Civica.
