Lujuak eta Estradak 20:34.80ko denboran osatu zituzten ibilbidean egin beharreko hiru txandak. Aurten Elgoibartik irten eta Etxebarrian bukatzen zen 10,63 kilometroko ibilbidea zuen erlojupekoa. Xabier Lujuak (Bilbo, 1984) sei alditan irabazi du Euskadiko Rally Txapelketa Nagusia, eta zapatuan egun "ezin hobea" eduki zutela adierazi du. Hiru txandetan denborarik onena egin izana nabarmendu du, eta txanda bakoitzean aurrekoan egindako denbora ondu izanari eman dio garrantzia, izan zuten bilakaera onaren erakuslea dela-eta. Lujua Porsche 991 GT3 autoarekin lehiatzen ibili izan da oraintsu arte, eta iaztik dihardu Alpinearekin, atzeko trakzioko kirol-auto modernoa. Garaipen hau lortuta, auto berrira moldatzeko prozesua bide onetik doala uste du. "Aurrerapausoak ematen ari gara, kalitatezko kilometroak pilatuz eta autora gero eta hobeto egokituz. Taldelana emaitzak ematen ari da, eta garaipen hau sari bat moduan ulertzen dugu, proiektu honetan parte hartzen duten guztien ahalegina saritzeko balio duena", esan du rally pilotu bizkaitarrak.
Euskadiko Rallysprint txapelketako sailkapeneko behin-behineko liderrak diren Aitzol Apalantza errezildarra eta Aitzol Lejardi (Hyundai i2N Rally2) sailkatu ziren bigarren postuan, 20:41.20ko denborarekin. Hirugarren postua Kastinparro Racing taldeko Gorka Antxustegi eta Jon Arrazola (Renault Clio Williams) markina-xemeindarrentzat izan zen (21:23.10). Guztira 56 taldek parte hartu zuten. Gainerako kategorietako irabazleak argazki-bilduman.
Unai eta Ainhoa Usobiaga, bikain
A+GAS taldeko Unai eta Ainhoa Usobiaga neba-arreba elgoibartarrak H1 kategorian lehiatu ziren, 205 GTi autoaz, eta hamahirugarren denborarik onena egin zuten, -22:32.700-; kategoriako lehen postua eskuratuz.
Urrian, Elgoibarko rallysprinta
Hamar probek osatzen dute 2026ko Euskadiko Rallysprint txapelketa, eta seigarrena izan da San Miguel Rallysprinta, EME automobilismo kirol klubak antolatzen duen lasterketa. Zazpigarren proba puntuagarria Eskoriatzan jokatuko dute, uztailaren 18an; eta, Aramaiok hartuko du zortzigarrena, irailaren 12an. Euskal automobilismo denboraldiko azkenaurreko proba Elgoibarren jokatuko dute, urriaren 3an, hain zuzen Elgoibarko Rallysprinta. Intxortako probak itxiko du Rallysprint denboraldia, urriaren 31n.
Argazkiak: EAF Euskadiko Automobilismo Federazioa eta Mikel Askasibar.