Betiko erremedioak bero bolada itogarriei aurre egiteko

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 7a

Sarriago eta indartsuago astinduko gaituzten beroaldietara ohitzea beste erremediorik ez dugula diote klima aldaketa ikertzen diharduten adituek. Berotik babesteko, betiko erremedioetara jotzea modukorik ez dago. Deba ibaian eta Sallobente errekan topatu ditugu herritarrok beroari ihes egin nahian.

“Ez da amaren semerik Deba ibaian bainua hartu ez duenik”, azaldu zioten BARRENi Juanito Gorostizak, Sebastian Odriozolak eta Joxe Iruretak duela urte batzuk, haien umetako garaiak gogora ekarriz. Duela 75 urte, urek ez zutenean inolako kutsadurarik, Deba ibaiko ur gardenetan sartu eta era guztietako arrainen artean igeri egiten ikastea zen normalena Elgoibarren eta inguruko herrietan. Kutsaduraren ondorioz, baina, ibaiari bizkar emanda bizi izan gara azken hamarkadetan, eta gainezka egiteko arriskua egon izan denetan jarri ditugu begiak ibaian. Alabaina, ari dira gauzak aldatzen, eta gero eta bizitza gehiago dago ibaian eta ibai ertzetan; eta ibaiko urak aisialdirako gunea izan daitekeela ere erakutsi zuten Beti Bustiko piraguistek orain urte batzuk.

Era berean, iazko abuztuan Deba ibaian arrantzan aritu ziren arrantzaleek ere beste garai batzuetan ohikoa zen irudia laga zuten. 1947. urtean Deba ibaian 185 kilo amuarrain, 175 kilo angula eta 35 kilo barbu arrantzatu zituzten, Montes aldizkariak 1949. urtean argitaratu zituen estatistiken arabera.

Bainua Ibaian zein errekan

Orain, berriz, egunotako bero handiari aurre egiteko -termometroak 38 gradu markatzen zituen atzo- ibaian bainua hartzen ikusi ditugu zenbait herritar; orain arte ikusi gabeko irudiak lagaz. Modu berean, Sallobente errekako ur freskoek ere estimazio handia eduki dute. Eta, beste horrenbeste esan daiteke Mintxetako igerilekuez; bainu denboraldia hasi zenetik jendetza dabil haietan. 

Osasun-bermerik gabeko bainua

Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, Deba ibaia, Elgoibar herritik pasatzen den zatia, ez dago ofizialki Euskal Autonomia Erkidegoak baimendutako bainu-eremuen artean eta, beraz, ez dago uraren kalitatearen jarraipen ofizialik, ezta osasun-bermerik ere. Uraren kalitatea eta osasun-zaintza soilik bainu-eremu horietan bermatzen dira.

Honenbestez, bainatzea ez dago "espresuki galarazita", baina ez dago osasun-bermerik eta ez da uraren kalitatearen jarraipen ofizialik egiten. "Horregatik, arrisku handiagoa dago osasun-arazoak izateko edo ezustekoak gertatzeko. Beraz, ez da gomendagarria bertan bainua hartzea".