Alejandro Clemente: "Urazandiko puzzle txapelketan parte hartzeko irrikitan nago"

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko uztailaren 10a

Urazandi auzoko jaien barruan, Puzzle Txapelketa antolatu dute biharko, eta horren harira, Alejandro Clemente Espainiako puzzle txapelduna elkarrizketatu du BARRENAk. Bartzelonan bizi da, baina ama elgoibartarra du. Urazandiko Puzzle Txapelketa begiz jota duen arren, oraindik ez du parte hartzerik izan, baina datorren urtean etortzeko ahalegina egingo duela adierazi du. 

Banaka edo binaka hartu daiteke parte: banakakoan 300 piezako puzzlea osatu beharko da, gehienez ere ordu eta erdian. Binaka, aldiz, 500 piezakoa izango da egitekoa, bi ordu azpitik. Izena emateko, www.aepuzz.es webgunean sartu behar da.

 

Kataluniarra zara, baina baduzu Elgoibarrekin loturarik. Azaldu egiguzu. 

Mantxakoak dira aitona-amonak, eta 60ko hamarkadan Elgoibarrera emigratu zuten. Osabak eta ama, beraz, elgoibartarrak dira. Gero, nire aita ezagutu zuen, eta Bartzelonara etorri ziren bizitzera. Ni Bartzelonakoa naiz, baina sarri joaten naiz senideak bisitatzera Elgoibarrera. Ea datorren urtean Urazandiko Puzzle Txapelketan parte hartu dezakedan. Irrikan nago Urazandiko puzzle txapelketan parte hartzeko, baina, momentuz, ezin izan dut. 

Nondik datorkizu puzzleak egiteko zaletasuna?

Umetan hasi nintzen puzzleak egiten, beste hainbat ume bezalaxe. 2019an, Interneten ikusi nuen binakako puzzle txapelketa bat zegoela Bartzelonatik gertu dagoen herri batean, eta aitarekin hartu nuen parte. Laugarren geratu ginen, eta antolatzaileek esan zidaten lehenengo aldia izateko oso ondo ikusi nindutela. Han ezagutu nituen Aepuzz elkarteko kideak, eta orduan jakin nuen Espainia osoan antolatzen zituztela txapelketak. Handik aste batzuetara Espainiako Txapelketa jokatuko zela azaldu zidaten, eta parte hartzera gonbidatu ninduten.   

Eta Espainiako Txapelketan izan zinen; zer moduz moldatu zinen?

Pozik geratu nintzen. Puzzle handiak egitera ohituta nengoen, baina 500 piezako puzzlerik sekula egin gabe nengoen. Hamaikagarrena izan nintzen, eta praktikatzen segitzeko gogoz irten nintzen handik. 400 bat lagunek hartu zuten parte, eta izugarria iruditu zitzaidan. Teknika aldatu, eta puzzle handiak egiteari laga nion, 500 piezakoak azkartasunez egiteko. Pandemia etorri zen ondoren, eta itxialdian puzzle pila bat egin nituen. 2022ra arte etenda egon ziren txapelketak, eta tarte hura entrenatzeko erabili nuen. 

2022an Espainiako Txapelketa irabazi zenuen; espero zenuen? 

Ez nuen espero. Nire bigarren txapelketa zen, eta bakarka zein bikoteka irabazi nuen txapelketa, eta taldeka hirugarren izan ginen. Lehenengo edizioarekin alderatuta hamar minutu hobetu nuen nire denbora, eta hori asko da. Urte berean, Munduko Puzzle Txapelketa jokatu zen, Valladoliden, eta hura ere irabazi nuen. 900 bat partaide zeuden, herrialde askotakoak, eta irabaztea sekulakoa izan zen. Urtero irabazi dut Espainiako Puzzle Txapelketa, 2022tik, eta neu naiz egungo txapelduna.  

Zein teknika daukazu puzzleak egiteko? 

Batzuek kanpoko markoa egiten dute lehenengo, eta gero barrukoa. Nik ez. Nik zatika egiten dut, kolore bereko piezak edo marrazki bera dutenak aukeratuta. Neure burua trabatuta igartzen badut edo konturatzen banaiz ez nabilela piezak abiadura egokian kokatzen, beste atal batekin hasten naiz. 

Zein da zure denborarik onena 500 piezako puzzle batekin? 

34 minutu eta 20 segundoan daukat denborarik onena txapelketa batean; hau da, sekula egin gabeko puzzle batean. Aurrez egindakoren bat bada, 30 minututik behera moldatzen naiz, eta inoiz 25 minutuan ere egin izan dut. Txapelketa ofizialetan beti izaten dira merkaturatu gabeko puzzleak, eta partaide guztiok puzzle bera egiten dugu. 

Puzzle bat egin ondoren, zer egiten duzu harekin? 

Txikiak egin eta desegin egiten ditut, baina handiak gorde egiten ditut. Horiek tentu handiz aukeratzen ditut. Gustatzen zaidan irudiren bat hartzen dut etxeko hormaren batean jartzeko, eta enkarguz ere eskatzen dizkidate lagunek edo senideek. 9.000 piezakoa da egin izan dudan handiena, eta 6.000koak ere asko dauzkat eginda.