Oliba-hezur jaurtiketa eta toka txapelketa egingo dituzte ondoren, eta gauean, DJ Tillak jarriko du musika. Goizaldean, apar festa izango dute.
Egun handia, zapatuan
Zapatua izango da Urazandiko jaietako egun handia, eta goizean hasiko dituzte ekitaldiak. Jose Julian Marquezen historiaurreko ikuskizuna, puzzle txapelketa eta Mauxitxaren kalejira izango dira.
Puzzle lehiaketan banaka zein bikoteka hartu daiteke parte, eta zabalik dago izena emateko epea. Kategoria bakoitzeko lehenengo hirurek jasoko dute saria. Herri bazkaria egingo dute ondoren, eta nahi duenak oraindik badauka tiketak erosteko aukera Celia tabernan. Mariatxiek girotuko dute zapatu arratsaldea, eta umeentzako tailerrak eta buruhandiak ere egongo dira. Gauean, Brilet taldeak kontzertua emango du, eta goizaldean, apar festa egingo dute.
Umeentzako ekitaldiak domekan
Domekan, umeentzako puzgarriak jarriko dituzte Herri Eskolan, eta haientzako apar festa egingo dute jaiak amaitzeko.
Errifaren zozketa
Jai Batzordeak eskerrak eman dizkie Udalari eta jaien babesleei, eman dieten dirulaguntzagatik. Horri esker, etxetresnaz beteriko bi otarre prestatu dituzte errifaren zozketarako, eta etxetresna horiek bere beharren arabera aldatzeko aukera izango du irabazleak. Domekan egingo dute zozketa, 15:00etan.
Munduko Futbol Kopako partidak pantaila handian
Urazandiko jaietaz gozatzea eta Munduko Futbol Kopako partidak ikustea bateragarriak direla uste dute jai batzordekoek, eta Herri Eskolako jolastokian pantaila proiektore bat instalatuko dute partidak ikusi ahal izateko. "Zergatik ez gozatu bi gauzez? gainera foodtrucka, txurreria, litxarreriak, izozkiak egongo dira, Jai batzordekoon taberna barraz gainera", adierazi dute.
40 urteko etenaren ostean, 2022ko uztailean berreskuratu zituzten Urazandiko jaiak, eta Urajai Elkartekoek bosgarrengoz antolatu dituzte aurten.
Iazko jaietako laburpen-bideoa:

