Basarri bertsopaper saria irabazi du Uxue Alberdik

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 9a

Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Garbiñe Oiarbide zinegotzia eta Uxue Alkorta. Arg: Zarautzko Udala.

Uxue Alberdi Estibaritz bertsolari eta idazle elgoibartarrak irabazi du 42. Basarri bertsopaper lehiaketa. Epaimahaiak aho batez erabaki du 'Autoan' bertso sorta saritzea.

Uxue Alberdik txapela eta 1.800 euroko saria eskuratuko ditu, eta irailaren 4an kantatuko du saritua izan den bertso sorta, Lizardi Sarien finalean, izan ere, azken urteetan Zarautzko Bertso Astearen barruan kantatu izan dituzte bertsoak sarituek. Antolatzaileek zehaztu dutenez, saria jasoko duen laugarren emakumea izango da Alberdi.

Aurten epaimahaikide lanetan Uxue Alkorta, Nahikari Gabilondo eta Andoni Egaña aritu dira. Lan irabazleak "azken urteetan ikusi duten neurri handitik txikirako aldaketaren joerari eutsi diola" nabarmendu dute, eta horrek, kontakizunari "erritmo arina eta atsegina" eman dio. Alberdik, "protagonistaren bizitzako etapak deskribatzeko autoak baliatu ditu elementu nagusi gisa, elementu oso konkretuen bidez", eta bere deskribapenarekin, "irakurlea garai haietako bakoitzean kokatzen asmatu du", adierazi du epaimahaiak. Haien esanetan, "gaia lantzeko modu berezia eta originala iruditu zaigu, eta oso maila oneko sorta osatu du”. Aurtengo lehiaketara gamalau bertso-sorta aurkeztu dituzte.

Zarauzko Udalak antolatzen du Inazio Eizmendi Manterola "Baserri" (Errezil, 1913 - Zarautz, 1999) bertsolariaren izena daraman bertsopaper lehiaketa, 1985az geroztik. Sariketak hainbat helburu ditu; besteak beste, euskara eta bertsolaritza sustatzea, eta euskal sormenean eragitea. Orain arteko ekitaldietan estilo zein adin ezberdinetako bertsolariak saritu dituzte. Iazkoa Maddalen Arzallusek irabazi zuen eta jendaurrean abestu zuen bertso-sorta saritua