Besa-Geminis taldeko Manex Larrañaga gailendu da Gurutzeaga Saria lasterketan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 10a

Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolako junior mailako txirrindulariek erakustaldia eman dute Zestoan jokatu duten Gurutzeaga Saria lasterketan; taldeka onenak izateaz gainera, Manex Larrañaga taldekideak lortu baitzuen garaipena.

Joan den zapatuan jokatu zuten Gurutzeaga txirrindularitza klubak antolatzen duen 82 kilometroko proba. Besa-Geminis taldeko Manex Larrañagak (Aretxabaleta, 2008) gurutzatu zuen helmuga marra lehen postuan, esprintean gailendu eta gero. Aiur Ugartemendia (Ipar Maquina-Dimaq) sailkatu zen bigarren postuan, eta Axular Aldazabal (Cafe Dromedario-Flotamet) hirugarrengoan. Denbora bera markatu zieten hirurei: 2:07:44. Honakoa denboraldiko bigarren garaipena da Larrañagarentzat, Urkola-Oiarzabal Memoriala irabazi baitzuen, maiatzean, Anoetan.

Larrañagaren garaipenaz gainera, Elgoibarko Besa-Geminis taldeak lehen postua eskuratu zuen taldekako sailkapenean. Elgoibarko taldeak 25 segundoko aldea atera zion Loiumat Punta Galea taldeari. Sari banaketa ekitaldian, sarituek  Igor Arrieta, UAE Team Emirates taldeko txirrindulariaren eskutik jaso zituzten sariak, Zestoako bizilaguna baita Uharte-Arakilgo txirrindularia..

Argazki gehiago Zestoako Danbolin toki komunikabidean.

Manex Larrañaga helmuga marra gurutzatzen. Arg: Danbolin.

Besa-Geminis taldea gailendu zen taldekako sailkapenean. Arg: Danbolin.

Manex Larrañaga podiumaren gorronean. Arg: ELT