Zertan datza Lumina ikuskizuna?
Bilboko Udalak antolatzen duen Musika-Musika nazioarteko jaialdirako sortu genuen ikuskizuna da. Publiko guztientzako obra bat eskatu ziguten, baina malgutasun osoa geneukan sorkuntzarako. Zirkua eta musika uztartzen dituen ikuskizun hori proposatu genien, baina ez da ohiko zirkua izango, mamia berezia da. Gaur egun dugun bizimodu estresagarri eta bizia dauka oinarrian, eta egoera horri buelta emango zaio obran zehar. Bidaia emozional bat planteatu genuen hasieratik, ikuslea emanaldira iristen denetik bere eguneko karga guztiekin, obraz gozatzera iristen den arte. Clown bat da protagonista, ez dago hitzik, baina argiak ere eginkizun garrantzitsua izango du, eta horregatik dauka obrak Lumina izena. Argiek argiztatuko dituzte uneak, eta horrela sortuko ditugu oroitzapenak. Obrako kideek argi-bolak oparituko dizkiote clownari, eta argi-bolak izango dira maletan gordeko dituen oroitzapenak. Clown baten bidaia emozionala da, egoera txar batetik on batera.
Obrako protagonista Aitor Guisasola da, Elgoibarren ezaguna eta zure laguna.
Aspalditik neukan Aitorrekin lan egiteko gogoa, eta argi ikusi genuen hark izan behar zuela clown protagonista. Haren bitartez lotu genituen Berdinki zirku konpainiako Koldo Arakistain eta Irati Gonzalez. Haiek zirkuan esperientzia handia daukate; bereziki, binakako akrobazietan. Abesteko Nerea Bilbao fitxatu genuen. Santurtziko neska gazte bat da, eta sekulako ahotsa dauka. Musika une oro zuzenean jotzen dugu, eta egokitzen gara musikariak aktoreetara eta alderantziz. Konexio oso ona lortu dugu. Une batean, abeslariak clownari abesten dio zuzenean, eta oso hunkigarria da.
Elgoibarren antzezteak zer eragiten dizu?
Berezia izango da. Ikuskizuna kalean egingo dugun lehen aldia izango da, eta mimo handiz prestatu dugu guztia. Estetikan arreta berezia jarri dugu, eta eszenatokia tentu handiz prestatuko dugu. Eliza aurrea zirkua izango da, eta hango elementu guztiek izango dute eginkizun bereziren bat obran. Eskerrak eman nahi dizkiot Udaleko Kultura Sailari, gugan jarri duen konfiantzagatik. Badakigu beste herri batzuetako programatzaile batzuk ere etorriko direla, eta espero dugu aurrerantzean aukera izatea ikuskizun hori errepikatzeko. Guk sortutako obra da, eta ez dauka zerikusirik obra baten kolaboratzeak edo norberaren lana aurkezteak. Urte asko dira musikatik bizitzea erabaki genuela, eta aurten hamar urte beteko dira gure obrak sortzen hasi ginenetik. Momentu berezia bizitzen ari gara.
